Zarauzko Lizardi institutuko ikasleek egindako transkripzioak sareratu ditugu

urr. 7, 2020, 11 a.m.

Zarauzko Lizardi institutuko 3. mailako ikasleek hainbat pasarte transkribatu zituzten iazko ikasturtean, erdialdeko euskara lantzeko lan modura. Guztiak www.ahotsak.eus-en daude ikusgai.

Lizardi institutuan batik bat Zarautz, Aia eta Getariako neska-mutilak batzen dira. Bertan, euskara eta literatura ikasgaiko Nerea Goiria irakaslearen gidaritzapean, Aia, Getaria, Zarautz eta beste hainbat herritako (Donostia, Irun, Bergara, Mutriku, Berastegi, Beizama, Hernani eta Lekeitio) 54 pasarte transkribatu zituzten iazko ikasturtean 3. DBHko 50 ikaslek eta 4. mailako ikasle batek. Erdialdeko euskara lantzeko helburuarekin egin zituzten transkripziook, hirugarren ebaluaketan. Dagoeneko guztiak ikusgai daude Ahotsak webgunean. Eskerrik asko guztiei egindako ekarpenagatik!

Ikasturte bukaeran jaso genuen ikasleek egindako lanaren emaitza eta, apurka-apurka, pasarte guztiak sareratzen joan gara.

Hona hemen, adibide gisa, ikasleek transkribatutako zenbait pasarte:

- Hura zan… Aristokraziya dana zeon sartuta golfian. Ta gabez iten zituen pesta hoiek eta gero herriko jendia juten zan hara begira hango... Bakizu! Eske gauza ederrak zian hango [trajiak]... Gero argiyak-eta jartzen zituen jardiñian golfian ta dana luzitua-luzitua-luzitua.

-Zer janzkera izaten zuten hola juten zianian… dotore?

-Zoragarriyak.

-Emakumiak ze...?

-Emakumiak danak jantzitzen zian “de largo”; danak luzez jantzitzen zian eta danak eskote haundiyakin eta kola ere haundiya... dana . Eta gizonak ”todos de frac y de...” danak guapo-guapo juten zian. Eta gero, han afaiyak iten zituen eta gero dantza iten zuen. Orkestak ematen zituen eta orkestak jartzen zituen eta dantzak-eta iten zituen.

-Orkesta hemengua hartzen zuten edo beraiek ekartzen zuten?

-Bueno, hemen Donostiatik ekartzen zituen. Bai, ekartzen zituen. Beak bazakizkien ze izenak eta hola ta ekartzen zituen. Eta orkesta haiekin geo dantza ta festa. Herriko jendia danak atzetikan, badakizu ze [izaten dan], begira eta hola juten giñan atzetikan.

Egilea(k): Ander Ortiz Perez (Lizardi Institutua)

 

Guk labia gendun, ta gure ama zanak oso esku ona zun, ogiya iten. Ta gu´re majiña bat bidar, mutil koskorrak, beste anaiyia ta biyok ibiltzen giñan. Amasea esaten zitzayon, kaja haundi bat, laukiya kaja, ta han amak itten zun ore pillo bat. Eta, ondo itteko, horrek asko ibili ber izaten du /izateu/ ta hua eskuakin beti ai bazea nekau itten da /ittea/. Ta gu, hankak uretan garbittuta, iyotzen giñan ta gaiñen jo-ta hankakin. Guk dana zabaltzen gendun, amak berriz´e pillatu. Jarri pilluan ta berriz´e ttiki-ttiki-ttiki, gaiñen hori zabaltzen. Hola saio bat ein ta gero hortikan ogiyak itten zittun amak. Eta jartzen zittun mahai baten gaiñen danak, altxa in ber izaten zan, ba. [Ogi hoiek] leamiyak eo indako operaziyua: altxa. Ta, hala, altxatzen zianean, borobillak itten zittun ta hola ebakiyak kutxilluakin in. Galtzeta burniyakin zaztada batzuk in ta arrautz gorringuakin gaiña igurtzi ta laben sartu. Haiek gero, labetik aterata, bero-bero eoten zian ta ez ziyozun grazi handik hartzen, baiño hurrengo egunen-ta haiek gaurko pastelak baiño earro eoten zian. Oso ogi earrak! Eta erretirau in ber pusketa bana partiuta, bestela ahittu itten zian ta.

Egilea(k): Itsaso Salegi Agirre (Lizardi Institutua)

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia