Leon Bilbao Arteako albokari ezagunaren bideo-pasarteak sarean

2019ko aza. 7a, 09:48

1989an IRALEko irakasle eta ikasleek Leon Bilbao albokariari egindako elkarrizketa landu eta sareratu dugu. Hala, duela 30 urte grabatutako harribitxia ikusteko eta entzuteko aukera dugu orain. Guztira 20 bideo-pasarte jarri ditugu ikusgai. 

1983tik 1993ra bitartean, mendebaldeko euskara zerabilten hainbat hiztunen ahozko lekukotasunak bildu zituzten IRALEko irakasle eta ikasleek, IRALEren Bizkaiko Irakastegiak urte haietan eratutako bizkaiera ikastaroen barruan. Grabazio horiekin guztiekin Bizkaiera Bilduma osatu zuten. Azken urte hauetan, IRALEri esker, grabazio horien kopia bat jaso ahal izan dugu eta izen bereko proiektuaren barruan katalogatu ditugu guztiak. Aspaldikoak izan arren, elkarrizketa horietako asko bideoz jaso ziren eta oso-oso kontu interesgarriak aurki daitezke bertan.

Grabazio horietan bada pertsona ezagunik ere. Esaterako, Leon Bilbao, Arteako albokari ezaguna; Maurizia pandero-jotzailearekin bikotea osatuta, Bizkaiko herrietako erromeriak alaitzen ibili zen eta albokari gazteen irakasle ere izan zen. 1989an, duela 30 urte, egin zioten elkarrizketa Leoni, gure artetik joan baino urtebete lehenago, hain justu. Berak zuen abilezia horrekin alboka jotzeaz gain, albokaren eta alboka jotzearen inguruko azalpen interesgarriak eman zituen:

Eta baita albokak egitearen ingurukoak ere:

Gerra aurretik herriko talde batekin jotzen zuen alboka Leonek. Gerraostean hasi omen zen Maurizia pandero-jotzailearekin:

IRALEko irakasle eta ikasleek egindako bilketa eder horri esker, Leon Bilbaoren eta beste hainbat pertsonaren azalpen interesgarriak entzuteko aukera dugu orain. Bejondeizuela!

 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia