Leintz bailarako euskara eta ahozko ondarea

2004ko abe. 1a, 08:27

Orain dala pare bat aste aittatu genduan Badihardugu euskera elkartiak eta Leintz bailarako hiru udalak (Gatzagak, Aretxabaletak eta Eskoriatzak), lankidetza-hitzarmen bat izenpetu bihar zebela, Leintz bailarako euskara eta ahozko ondarea jasotzeko. Atzo, zemendixaren 30ian izenpetu zan hitzarmenori.

Atzo izenpetu zan Eskoriatzako udaletxeko pleno aretuan Badihardugu euskera elkartiaren eta Leintz bailarako hiru udaletxien arteko lankidetza hitzarmena.

Datozen hiru urtiotan, Badiharduguk Aretxabaleta, Eskoriatza eta Gatzagako euskera eta ahozko ondarea jasoko dittu.

Badihardugu euskera elkartiak orain dala urte bi ipini zeban martxan Deba Ibarreko Ahotsak proiektua. Asmua, Debagoieneko eta Debabarreneko herri hizkerak eta euskalkia jasotzia.

Orain arte Bergara inguruko herri hizkerak jaso izan dittugu gehixenbat. 2004. urte honetatik aurrera, Arrasate eta Leintz ingurukuak jasotzen be hasi gara.

Hitzarmena 2006ko abendura arte luzatuko da. Tarte horretan, 40 grabaziño inguru egingo dittugu. Lehendik hiru udalen esku dagozen grabaziñuak zerrendatu eta katalogatu be egingo dira. Amaitzeko, jasotako materixal guztia katalogatu, etiketatu, eta datu-base batian sartuko da, eta egindako lana udalen webgunietan gehitzeko moduan gertauko da.

Proiektuaren azken helburua, jasotako guztia herritar guztien esku egotia da. Horretarako bide nagusixa Internet izango da, eta materixala, jaso ahala, Deba Ibarreko Euskalkiaren fonotekan ipiniko da.

Hiru herrixetako edozein lagunek proiektuan parte hartu gura badau, zuen zain gaoz. Badakizu:

Badihardugu Euskera Elkartia
943 12 17 75
e-posta

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia