Lasarte-Oriako Ahotsak proiektua aurkeztu genuen atzo

2020ko ots. 12a, 12:19

2009. urtetik hona 23 herritar elkarrizketatu ditugu Lasarte-Orian, Ahotsak.eus proiekturako. Material guztia landuta eta sarean dago, eta parte-hartzaileei omenaldi xumea egin zitzaien atzo arratsaldean, udaletxean. Ekitaldiko aurkezpen-bideoa sarean dago ikusgai.

Lasarte-Oriako Ahotsak proiektuaren helburua bertako euskara zein historia jaso eta ezagutaraztea da. Herrian elkarrizketatutako 23 herritarrak omentzeko aukera izan genuen atzo arratsaldean, udaletxean. Lasarte-Oriako Mercero aretoa bete egin zen, eta parte-hartzaileei eta haien senideei omenaldi xume bezain polita egin zitzaien.

Udaleko ordezkariak eta Ahotsak.eus proiektuko bi kide elkartu ginen aurkezpena egiteko. Lehenengo Jon Antxordoki Euskara Saileko arduradunak hartu zuen hitza, herritarrei ongi etorria eta eskerrak emateko. Ondoren, Irati Lizeagak eta Idoia Etxeberriak proiektuaren nondik norakoak azaldu zituzten, Ahotsak proiektuaren izenean. Lizeagak 12 elkarrizketa egin zituen, 2019an, eta oso esperientzia ederra izan dela esan zuen. Aurretik, 2009-2010 urteetan, Ainhoa Ansa eta Miren Artetxe ibili ziren elkarrizketatzaile bezala, eta beste 11 elkarrizketa egin zituzten. Pixkanaka grabazioak lantzen eta sarean ipintzen joan dira: guztira 700 bideo-pasarte baino gehiago daude ikusgai, herritarren eskura.

Elkarrizketatuen testigantzekin osatutako aurkezpen-bideoa erakutsi zuten, makina bat gai jorratzen dituena, eta horixe izan zen ekitaldiko une gogoangarrienetako bat, bertaratutakoen artean barreak, keinuak eta komentarioak eragin baitzituen: gerraosteko goseari buruzkoak, adibidez, elkarrizketatu batek esan zuenean denak fin-fin geratu zirela. 

2009tik hona elkarrizketatuetako 5 joan zaizkigu, eta haiek gogoan izan zituzten: "Irribarre batekin gogoratuko ditugu, bideoan ikusten ditugunean". Hori bai, martxoan 100 urte beteko dituen Gabriel Nogués zoriontzeko aukera ere izan zuten! Burua argi dauka oraindik Gabrielek. Patxi Etxeberria bertsolaria ere gonbidatuen artean zegoen, Lasarte-Oriako orrian agertzen ez bada ere, Oriokoan baizik, jaiotzez oriotarra delako. Giro polita sortu zen. 

Ekitaldiaren amaieran, parte-hartzaile bakoitzari bere grabazioaren kopia banatu zitzaion, eta baita diploma bana ere. Euskara Zerbitzuko Iñaki Arrutik umorez argitu zien pendriveak ez zirela txokolatinak, baina lasai egoteko, inor ez zela goseak geratuko eta. Izan ere, talde-argazkia atera ondoren, mokadutxoa jateko aukera izan zen. Giro alaia eta goxoa sortu zen han ere.

Eskerrik beroenak Udalari, bereziki Euskara Zerbitzuko lantaldeari -Iñaki Arrutiri, Juanito Bereziartuari eta Asun Goenari-, prozesu osoan zehar bidelagun izateaz aparte, atzo arratsalde hain borobila posible egin zutelako. Adinekoak poz-pozik joan ziren etxera eta gu ere bai. Eta eskerrak, nola ez, testigantza eman duten herritar guztiei, beren jakinduria hain eskuzabal eta umoretsu partekatzeagatik. Eskerrik asko guztioi!

Lasarte-Oriako Udaleko webgunean ere argitaratu dute albistea. 

Irudian, atzoko ekitaldiko une bat, taldeko argazkia. Iturria: Txintxarri

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia