Jon Plazaola: "Aittittaren bideari jarraituz, txiste kontalari izan naiz txikitatik"

urt. 20, 2021, 11:48 a.m.

Jon Plazaola aktore urretxuarra elkarrizketatu dugu, Gazte Gara Gazte proiekturako. Ikusi haren testigantzekin prestatu dugun bideoa! Gainera, elkarrizketako bideo-pasarte guztiak ipini ditugu sarean. 

Aktorea, umoregilea, gidoilaria. Jon Plazaola ezaguna da, bereziki Antena 3eko 'Allí abajo' telesaileko protagonista izan zenetik. Une honetan ETB-1eko "Barre librea" programan ikus dezakegu, eta hainbat antzezlanetan parte hartzen dihardu, "Losers" komedian, besteak beste. Ahotsak.eus proiekturako elkarrizketatu dugu Jon, Gazte Gara Gazte atalerako. Ondoren grabazioa osorik landu dugu, eta orain bideo-pasarte guztiak daude ikusteko moduan, sarean. Guztira 39 pasarte. Ikusi eta disfrutatu!

Jonek umetatik du plazagizona izateko grina. Aittitta Juan zuen eredu, txiste kontalari aparta. Bide beretik jo zuen berak ere. Arte Ederrak ikasten ari zen garaian umorezko bakarrizketak egiten hasi zen, eta horrek telebistara eraman zuen, aurkezle eta gidoigile lanetara. Gero zinemarako gidoigintza ikasi zuen, Madrilen, eta geroztik hainbat lanetan jardun du, telebistan eta antzerkian. Denbora luzez Sevillan lanean ibili ostean, azkenaldian Euskal Herrian dabil. “Hemen lan egitearen arrazoi nagusia euskaraz lana egitea da”, dio Jonek. Bere ama hizkuntzan sortzea. "Hori euskaldunok besterik ez dezakegu egin".

Hautatutako zatitxoekin bideo labur bat prestatu dugu, hauxe:

Eskerrik asko, Jon, eta segi egiten duzunaz disfrutatzen! 

Kepa Errasti eta Aitziber Garmendia aktoreak ere elkarrizketatu ditugu GGG proiekturako, eta bideo labur bana prestatu ditugu haien testigantzekin ere. 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia