Jon Lopategi bertsolaria hil da, erreferente bat bertsolaritzan

2019ko ots. 8a, 10:19

Euskal Herriko zein Bizkaiko txapeldun izandako bertsolaria, frankismo sasoiko ikurretako bat izan zen. Egundoko lana egin zuen bertsolaritza eguneratzeko eta zabaltzeko, besteak beste bertso-eskolen bitartez. Ahotsak.eus proiekturako elkarrizketatu genuen, eta hark kontatutakoak sarean daude.

Jon Lopategi Lauzirika Baltza muxikarrak Euskal Herriko bertsolari txapelketa irabazi zuen 1989an, eta lau aldiz izan zen Bizkaiko txapeldun. Bertsolari ezaguna eta maitatua zen, bere bertso-mailarengatik ez ezik, baita bertsolaritza zabaltzeko egin zuen lanarengatik ere. Frankismo garaiko plaza-gizona izan zen, eta 80ko hamarkadatik aurrera lehen bertso-eskoletan aritu zen irakasle. Gaur egungo Bizkaiko bertsolari asko izan zituen ikasle, besteak beste Onintza Enbeita, Bizkaiko oraingo txapelduna. 2012an elkarrizketatu genuen, Muxikako Ahotsak proiekturako, eta hainbat pasadizo kontatu zizkigun.

Gerra aurretxoan jaio zen Lopategi, 1934an, Aldauria baserrian. Erreketeak Muxikara sartu zirenean, familia Billbo aldera joan zen ihesi. Ordukoak ziren bere lehen oroitzapenak.

Bueltan, Kurtzeroko eskolara joan zen, harik eta 12 urterekin Tolosara bidali zuten arte, fraidekume. Filosofia ikasketak egin zituen Tolosan. Soldaduska egin ostean, herrira bueltatu zenean, hasi zen bertsotan, Muxikako Iturrirekin eta herriko beste askorekin batera. Deunoro Sarduiren arabera, Lopategik beste bertsokera bat zuen:

1962. urtean, lehen txapela irabazi eta gero hasi zen, Jon Azpillagarekin batera, Euskal Herriko ehunka plazatan abesten. 1962, 1964, 1967 eta 1987ko Bizkaiko bertsolari txapelketak eta 1989ko Euskal Herriko txapelketa nagusiak eskuratu zituen, besteak beste. Frankismoko garai gogorrenetako plaza gizona izan zen. Debekuak debeku, sekula ez zioten abesteari utzi eta astebetez Basauriko kartzela ezagutzea ere egokitu zitzaion.

Jon Lopategi ohorezko euskaltzain izendatu zuen Euskaltzaindiak. Gaur, Lopategi hil dela jakin denean, hainbat esker oneko mezu zabaldu dituzte haren ikasle ohiek eta ezagun izan zutenek. Ikus Berria egunkariko albistea. Informazio gehiago: Eitb, Faktoria, Naiz , Sustatu eta Bertsozale.

 

 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia