Jerardo Elortzaren omenezko Kultur Astea egiten dihardute Oñatin

Eka. 5, 2018, 10:20 a.m.  ¦ 

Jerardo Elortzari (Oñati, 1944) omenaldia egiten ari zaizkio, bere jaioterrian. Ahotsak.eus proiektuan jasotako testigantzekin osatutako bideoa erakutsi zuten atzo.

Jerardo Elortza oso kuttuna da Oñatin. Euskaltzale nekaezina, hamaika proiektutan ibilia da: antzerkia, literatura, herriko historia, oroimen historikoa... Jakintza izugarriko gizona da, eta laguntzeko prest agertzen da beti, atsegin eta gertuko. Horregatik, herriko talde batek omenaldia gertatu dio, Udalaren laguntzarekin. Jerardoren omenezko kultur astea egiten dihardute egunotan. Ostiralean hasi zen, hari buruzko erakusketarekin, eta datorren larunbatean bukatuko da, ekitaldi nagusiarekin eta bazkariarekin.

Atzo hitzaldiaren eguna izan zen. 60 bat lagun bildu ziren Santa Ana antzokian. Juan Martin Elexpuruk Jerardoren "bizitza eta mirariak" kontatu zituen, Jerardo egille izeneko hitzaldian. Orain serio, orain umorez, saio ederra egin zuen Elexpuruk, eta entzuleen txalo zaparrada jaso zuen. Paulo Anduaga aita agustindarrak ere esker oneko hitzak izan zituen Jerardorentzat. Eta Ahotsak proiektukoek prestatu dugun bideo labur hau ere erakutsi zuten:

Bihar mahai-ingurua egingo dute, 19:00etan, kultur etxean. 1965-1980 urteetako Oñatiko kultur bizitza ekarriko dute hizpidera. Jerardo Elortza bera izango da hizlarietako bat. Euxebio Osa (Ikastola), Karmentxu Baltzategi (Oñatz alkartia) eta Juantxo Madariaga (Udal liburutegia) izango ditu lagun mahaian.

Ostegunean, berriz, Jerardok parte hartutako lau film erakutsiko dituzte, kultur etxeko zinema aretoan, 19:00etan: Liñugintza (1974), Aita Lasa, artzainen artzain (1981), Lope de Agirre (1983) eta Gabon dut anuntzio (1999). 

Omenaldiko ekitaldi nagusia Santa Anan izango da larunbatean, 12:00etan, eta hainbat sorpresa izango dira han ere. Ondoren, Etxe-Aundi jatetxera joango dira bazkaltzera. Bazkarirako txartelak Txokolaterixan daude salgai.

Erakusketan Jerardoren bizitzako makina bat kontu jaso dituzte: haren argazkiak, ibilbidea eta hainbat argitalpen. Ekainaren 8rarte egongo da zabalik, kultur etxean.

Kultur asteaz gain, ibilaldi gidatu bat ere antolatu dute. Hurrengo astean izango da, ekainaren 17an. 08:30ean ipini dute hitzordua, Araotzen. Bertatik abiatu, eta Urrusularaino joango dira ibiltariak. Gidariak Jerardo Elortza bera eta Natur Eskolako Imanol Biain izango dira.

Guk ere Jerardo zoriondu nahi dugu. Batetik, euskal kulturaren alde egin duen lan handiarengatik, eta bestetik, gaur bere urtebetetzea delako. ZORIONAK, Jerardo! Urte askotarako!

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia