Hika ikastaroa emakumeentzat, azarotik aurrera, Oñatiko Jabetze Eskolan

urr. 22, 2020, 11:03 a.m.

Oñatin noka biziberritzeko dagoen beharra ikusita, Ingo Xonau! ekimenetik emakumeentzat hika ikastaroa antolatu dugu, Jabetze Eskolan. Zabalik dago izena emateko epea. Animatu!

Ingo xonau! proiektuaren asmoa Oñatiko noka biziberritzea da, eta hainbat jarduera egiten ari gara norabide horretan. Besteak beste, hika ikastaroa antolatu dugu; emakumeentzat, behar handiena beraiek dutelako (aurrerago ikastaro mixtoak egitea ere aurreikusten dute). Oñatiko Jabetze Eskolan izango da ikastaroa: azaroaren 10etik otsailaren 2ra bitartean, astean bi ordu (18:00-20:00), 20 euroren truke. Aste honetan ireki dute izena emateko epea, www.oñati.eus helbidean formularioa beteta. Arin ibili, plaza gutxi daude eta!

Ikastaroan noka eta toka, biak ikasteko aukera egongo da, eta bide batez genero ikuspegia ere landuko da, ez baita kasualitatea emakumeen aditz-formak galdu izana eta gizonezkoenek bizirik irautea. Noka berreskuratzea emakumeentzat ahalduntze-tresna ere izan daitekeela uste dute. Beatriz Irizar izango da irakaslea. Hikaduna da, eta Ingo Xonau! proiektuan parte hartzen dihardu hasieratik: elkarrizketatuetako bat izan zen, eta emakume nokadunak zenbat ziren jakiteko egindako ikerketa-diagnostikoan ere asko lagundu zuen. 

Oñatin emakumeen hika galtzeko arriskuan dagoela ikusita, hitanoa biziberritzeko proiektua sortu zen iaz, Oñatiko Udalaren babesari eskerIngo xonau! Badihardugu euskara elkarteko kideok hartu genuen proiektuaren gidaritza, herriko hainbat eragilerekin elkarlanean. Iaz 54 herritar elkarrizketatu genituen (gehienak emakumeak), eta ondoren grabazioak lantzen eta sareratzen joan gara: Ahotsak-en ikus ditzakezue. 

Otsailaren erdialdean Hikalaguna ipini genuen martxan Oñatin, eta, COVID19aren ondorioz balantzaka ibili bada ere, Hikalagunak martxan jarraitzen du. Beharrezkoa irizten diogu horri ere: hika berba egiteko eremu informalak sortzeari, alegia. 

Proiektuaren barruan, Oñatiko hikako aditzekin poltsikoko liburuxka ere argitaratuko dugu, azaroan. Gainera, jasotako testigantzekin lau ikus-entzunezko prestatu ditugu. Galeraren arrazoiei buruzko ikus-entzunezkoa gertatu genuen iaz (ikus abenduko aurkezpenaren albistea) eta, aurten beste hiru bideo. Hementxe dituzue laurak:

Argazkian: Jabetze Eskolako hika ikastaroko kartela.

 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia