Herri bilketari buruzko jardunaldiak, bihar Amasa-Villabonan

Mai. 11, 2017, 3:22 p.m.  ¦ 

"Tokiko bilduma: herri bilketa eta ikus-entzunezko ondarea" jardunaldiak antolatu ditugu, Xenpelar dokumentazio zentroarekin batera, Subijana etxean. 

Herriko ezagutza jasotzea, herriarentzat eta herritik. Zure herriko ondare immateriala bideoan grabatu eta zabaltzea gustatuko litzaizukeela? Badakizu nola egin? Aholku batzuk nahi? Hala bada, zatoz biharko jardunaldietara. 10:00etan hasiko dira eta 14:00etan bukatu, Amasa-Villabonako Subijana etxean. Denbora gutxian asko ikasteko aukera izango duzu, oso egitarau oparoa antolatu dugu eta. "Tokiko Bilduma: herri bilketa eta ikus-entzunezko ondarea". Halaxe daukate izenburua aurtengo Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiek. Eta doakoak dira. Hori bai, izena ematea komeni da. 

Grabazioak nola egin eta ikus-entzunezkoak nola editatu eta zabaldu, horixe azalduko dugu jardunaldien lehen zatian. Oinarri-oinarrizko aholkuak, langintza horretan esperientziarik ez dutenentzat. Bai elkarrizketak egiteko eta baita ere bestelako ekitaldiak grabatzeko ere. Xenpelar dokumentazio zentroko Nere Erkiaga, bertsoa.eus-eko Eneritz Urkola eta Ahotsak.eus-eko Haizea Odria eta Idoia Etxeberria izango dira hizlariak.

Bigarren zatian, berriz, herri bilketarekin lotutako hainbat esperientzia ezagutzeko aukera izango da. Ane Lardik Oiartzuarren Baitan ekimenaren berri emango du, Aldudarrak Batasuna elkarteko Ihintza Bidartek Kanaldude herri telebista iristeko emandako pausoak azalduko ditu, Larraitz Idarretak Donostiako Ernest Lluch kultur etxeak abian jarritako Amarauna tokiko bildumari buruz hitz egingo du eta Durango 1936: gerrako memoria kolektiboa proiektua ezagutzeko aukera ere izango da, Unai Iturriaga eta Andoni Barreñaren eskutik.

Egitaraua osorik, hemen. Eta Xenpelar dokumentazio zentroko Nere Erkiagaren azalpenak, jardunaldiei buruz: 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia