Gipuzkoako Aldundiak eta Kutxak Gipuzkoako egitasmoa gauzatzen lagunduko dute

aza. 17, 2009, 11:19 a.m.

Ahotsak.com proiektua Gipuzkoan ahalik eta azkarren amaitu eta helburuak betetzeko, diru laguntza akordioa sinatu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Kutxak Badihardugu elkartearekin. Bi erakundeek, 240.000 euro bana jarriko dituzte, datozen hiru urteetarako.

Badihardugu Euskara Elkarteak orain dela urtebete aurkeztu zuen Euskal Herriko Ahotsak izeneko proiektua. Proiektu horren bidez Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea bildu nahi dira. Orain arteko lanari jarraipena emateko asmoz, Badihardugu elkarteak proposamena egin die Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Euskara Departamentuari  eta Kutxari, datozen urteotan Gipuzkoan proiektua zabaldu, sendotu eta guztien artean bultza dezagun.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Kutxak, funtsezko ikusi dute herri honen ahozko ondarea biltzea eta xede hori lortzeko bakoitzak bere esku dituen baliabideak ezartzeko ahalegina egingo du, bide batez, antzeko proiektuetan parte hartzen duten erakunde eta elkarteen elkarlana bilatuz.

Ahotsak.com webgunearen eta proiektuaren helburu nagusia da, Euskal Herriko ahozko ondarea eta herri hizkerak katalogatu eta hedatzea; hau da, gure herrietako adineko jendea bideoz elkarrizketatu eta euren euskara eta bizipenak jasotzea eta herritarren artean zabaltzea.

Dagoeneko lan handia egin den arren, orain arte jarraitu dugun lan-erritmoa ez da nahikoa. Gerra zibila mugarri garrantzitsua izan da Euskal Herriaren historian. Gerra ondorengo urteetan erabat aldatu zen Euskal Herriaren izaera tradizionala: bizimoduan, jarduera ekonomiko eta industrialean, soziolinguistikoan… Proiektu honen asmo nagusia da, hortaz, gerra aurreko Euskal Herri eta Gipuzkoa  tradizional hura ezagutu zuten aitona-amonak grabatu eta euren bizipenak jasotzea.

2009-2012 egitasmoa

Atzo aurkeztu zen akordioak bultzada handia emango dio proiektuari. Egitasmo honen asmoa da, 2012. urterako Gipuzkoako udalerri guztietako lekukotasuna jasotzea, herri bakoitzean, gutxienez, elkarrizketa bat eginez. Horrela, herri bakoitzeko hizkera eta memoria historikoa jasota izango ditugu.

Helburua: 80 urtetik gorako biztanleen ahotsa jasotzea.
Laginketa:  Gipuzkoan egindakoak eta aurreikusita daudenak

- 2009:  603 grabazio (470 inguru eginda, dagoeneko)
- 2010: 750 grabazio
- 2011: 711 grabazio

Egitasmo honetako lanik handiena bilketa izango da (2000 grabazio inguru egitea), baina jasotako materialaren zati handi bat landu, kodifikatu eta sareratu egingo da, hainbat bideo-pasarte editatuz eta online ipiniz.

Lan hau gauzatzeko, Ahotsak.com proiektuaren metodologia, baliabideak eta azpiegitura informatikoa aprobetxatuko dira. Proiektuaren datu orokorrak:

  • Gipuzkoa osoko datuak bilduko dira, beti ere tokian tokiko egoera kontuan hartuta.
  • Euskal ahozko ondarearen artxibo edo biltegia osatu nahi da, orain arte egin diren grabazioak eta hemendik aurrera egingo direnak modu bateratuan katalogatuz eta erakutsiz.
  • Jasotako guztia librea izango da, CC lizentziapean zabaldua, Gipuzkoa 2.0 programaren filosofiari jarraituz.
  • Informazioa herrika, gaika eta euskalkika antolatuko da.
  • Proiektu irekia da eta interesa duen orok har dezake parte. Dagoeneko 55 erakundek, udalek, elkartek eta ikerlarik egin dute bat proiektuarekin. 

Atzoko prentsaurrekoan hitzarmenaren berri eman zuten eta  bertan izan ziren Badiharduguko lehendakari den Asier Sarasua, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara eta Kultura diputatu den Maria Jesus Aranburu eta Kutxako Gizarte alorreko zuzendari den Carlos Ruiz.

Prentsaurrekoan ateratako argazki batzuk Flickr-eko kontuan. Eta informazio gehiago hedabideetan:

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia