Gerra zibileko bizipenen inguruko 4 bideo berri, Gerrako Ahotsak webgunean

2018ko ots. 14a, 10:58

Lau ikusentzunezko berri editatu eta sareratu ditugu, 1936ko gerrarekin eta gerraostearekin lotuta. Guztira 20 bideok osatzen dute dagoeneko memoria historikoaren saila, gerra.ahotsak.eus webguneko Bideotekan. Bideo bakoitzean gai zehatz bat jorratzen da, eta hainbat herritako adineko hiztunen testigantzekin daude osatuta. Gure iragana ulertzeko ezinbesteko erreferentzia dira gure nagusien lekukotasun hauek.

Gerra garaiko eta gerraosteko giroa islatzen duten lau bideo prestatu ditugu, eta gerra.ahotsak.eus gure webgunean jarri, Bideoteka atalean. Aurreko urteetan ere hainbat bideo labur prestatu ditugu, oroimen historikoa ezagutarazteko: bonbardaketak, ihesa, kartzela eta fusilamenduak, erbestea, Francoren egonaldiak Donostian... Pixkanaka-pixkanaka 1936ko gerrarekin lotutako ertz guztiak ari gara bistaratzen, garai hura bertatik bertara ezagutu zuten adinekoen testigantzak oinarri hartuta. Gertatu zena ezagutzea ezinbestekoa da, errepika ez dadin. Guztira, hogei bideoko saila osatzen dute bideoek.

Gerrako presoak hainbat kartzelatan egon ziren. Ondarretakoa izan zen ezagunenetako bat, Donostian. Ezaguna jende asko izan zelako bertan preso, eta baita ere fusilamenduengatik: asko ez ziren etxera bueltatzen. Ondarretako kartzelari buruzkoa da prestatu dugun bideoetako bat. Saturrarango kartzelan, berriz, emakume mordoa izan zituzten; hura ere ezaguna bihurtu da, besteak beste presoei umeak lapurtzen zizkietelako. 

Ondarretako kartzela

Saturrarango kartzela

Gerraosteko ekonomiari buruzko hainbat bideo prestatu ditugu orain arte, gai hauei buruzkoak hain zuzen: errazionamendua, kupoa entregatu beharra, errotak itxita, abereak hiltzeko debekua eta emakumeak lantegietatik etxera bidaltzeko legea. Kontrabandoaren gaia jorratu dugu oraingoan:

Gerraostea: kontrabandoa

Gerra aurreko giroari buruzko bideo bat ere prestatu dugu. II. Errepublikak hainbat aldaketa ekarri zituen, ez zirenak monarkiazaleen, Elizaren eta militarren gustukoak izan. Horregatik, Estatu kolpea jo, eta gerra hasi zuten. II. Errepublikaren aldarrikapena Eibarren beste inon baino lehenago egin zuten, eta horixe jaso dugu bideo honetan:

II. Errepublikaren aldarrikapena

Gerrak ondorio asko izan zituen. Aldaketa ugari eragin zituen. Gehienak txarrak. Euskal Herriko Ahotsak proiektuan elkarrizketatzen ditugun adinekoetako askok hitz egiten digute gerrari eta gerraosteari buruz. Horregatik sortu genuen gerrari buruzko webgunea, memoria historikoarekin lotutakoak bertan jartzeko. Aipatutako lau bideoak Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin egin ditugu, 2017. urtean. 

Bideoteka atalean guztira hogei bideo baino gehiago ikus daitezke. Gehienak orokorrak dira, toki askotako testigantzekin osatuak, baina badira herrian herrikoak ere: Lekeitiokoa, Tolosakoa eta Eibarko gerrako umeena, esaterako. Bideotekaz gainera, urtero ahalegin berezia egiten dugu webgunea elikatzen: elkarrizketak egin, landu, bideo pasarteak igo... gerrari eta gerraosteari buruzko ehunka testigantza ikus daitezke, gaika sailkatuta. 

Argazkian: Donostiako Ondarretako kartzela

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia