Gerraosteko antzerkiari buruzko bideoa ikusgai: tradizioa vs modernotasuna

mai. 25, 2020, 3:33 p.m.

Euskarazko antzerkigintzari buruzko bideoa ikusgai dugu, Ahotsak.eus proiektuan jasotako testigantzekin osatua. 60ko hamarkadako giroa da jasotzen duena: bi belaunaldi, bi pentsakera, antzerkia ikusteko bi modu. 

Euskarazko antzerkia gerra aurrean loratu zen eta, 1936ko gerrak eragindako isilaldiaren ostean, indarrez berragertu zen. Hori bai, dena aldatu zen tarte horretan: gazteek antzerki modernoa nahi zuten, ez tradizioari men egitea. Tradizioaren eta modernotasunaren arteko talka horren erakusle dira bideoan agertzen diren Donostiako bi antzerki taldeak: Euskal Iztundea eta Jarrai. 60ko hamarkadako giroaren isla. 

Euskararen eta euskal kulturaren historia ezagutaraztea oso garrantzitsua da, bereziki belaunaldi berriei. Bideo hau ikastetxeetan erabitzeko, DBHko Euskara eta literatura ikasgaian, proposamen pedagogikoak ere gertatu genituen, eta fitxa sortu genuen Ikasgelan webgunean. EIMA 2.0. proiekturako egin genuen bideoa, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren babesarekin. Herritarren ahotsak: transmisioa ikasgelan proiekturako hain justu. 

Ikasgelan webgunea ahozko ondarea zabaltzeko sortu genuen, lehen etxeko sukaldean egiten zen transmisioa ikasgelara eramateko, teknologia berriak erabilita. Dagoeneko gaikako 100 bideo baino gehiago jarri ditugu irakasle eta ikasleen eskura, hainbat gairekin lotutakoak, LHrako eta DBHrako. 

 

Irudian: Toribio Altzagaren "Andre Joxepa Tronpeta" antzezlana (Bernardo Estornés Lasaren bilduma). 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia