"Gerra soinuak Donostian", 85. urteurrenean

2021ko ira. 11a, 08:57

85 urte igaro dira Francoren tropak Donostiara sartu zirenetik. Gerra zibileko gertaerak hobeto ezagutzeko, zenbait ibilbide sortu ditugu Ahotsak.eus-eko testigantzak ardatz hartuta. Gerrako Ahotsak webgunean daude ikusgai. Hainbat ekitaldi antolatu dira urteurrena eta biktimak gogora ekartzeko.

1936ko irailaren 13ko eguerdian, militar frankistak Donostian sartu ziren Mirakruz kaletik eta hiria okupatu zuten. Izua zabaldu zen herritarren artean eta, milaka donostiar ebakuatu zituzten arren, beste asko bertan geratu ziren. Ondorioz, 400 herritar baino gehiago hil zituzten frankistek. Biktimak gogora ekartzeko, elkarte desberdinek hainbat ekitaldi antolatu dituzte.

Badihardugu Euskara Elkarteak urteak daramatza Memoria Historikoa jasotzen eta zabaltzen Euskal Herriko Ahotsak proiektuari esker. Gerrako Ahotsak proiektuaren barruan Gerrako Ibilbideak izeneko atala sortu genuen 2020an, herrika eta gaika gerrari buruzko ibilbideak sortzeko eta guztiak mapa orokor dinamiko batean bistaratzeko.

Tropak Donostiara sartu zirela 85 urte pasa diren honetan, hainbat puntu garrantzitsu biltzen dituen ibilbide honetan, orduko gertaerak zuzenean bizi izan zituztenen testigantzak entzuteko aukera dago:

 

Oraingoz, bi ibilbide sareratu ditugu, Gerra soinuak Donostian eta Gerra orbainak Eibarren, biak lehenengo pertsonan kontatutako pasarteekin, guztiak geolokalizatuta eta QR bidez ikusi daitezkeenak. Ibilbideak deskargatu edo online kontsultatu daitezke, bertan daukaten esteka erabiliz.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia