Gazteen hizkuntza-praktikak hizpide EHUko ikastaroetan, Donostian

2019ko ira. 3a, 10:36

EHUk antolatutako "Gazteak eta eleaniztasuna" ikastaroan parte hartu dugu. Gazte Gara Gazte proiektua aurkeztu genuen atzo arratsaldean, Donostian. 

Gazte euskaldunek dituzten praktika eleaniztunez gogoeta egitea. Horixe da atzo eta gaur Donostiako Miramar jauregian egiten ari diren ikastaroaren helburua. Gazteek hizkuntzez eta dialektoez duten ikuspegia, hizkuntza-aukerak, hibridazio-fenomenoak, sare sozialen eragina... Gazteen jarduna aztertu duten hainbat aditu izan dira hizlariak, eta Badihardugu elkarteko Irati Lizeaga ere tartean zegoen, Gazte Gara Gazte proiektuaren berri ematen.

Deustuko unibertsitateko bi ikerlari izan ziren hitza hartzen lehenak, atzo goizean. Euskal hiztun berriekin egindako ikerketa baten berri eman zuten Esti Amorrortuk eta Ane Ortegak. "Euskara ikasita euskaldun bihurtzen gara? Ez. Asko ez dira hiztun aktibo bihurtzen", Amorrorturen arabera. Erabilera oztopatzen duten hainbat faktore aipatu zituzten (hizkuntza-ohiturak, errejistro falta, gaitasun mugatua, "hiztun legitimo" ez sentitzea...). Bilboko unibertsitate-gazteen muda-prozesuak aztertu dituzte, eta euskararen erabilera sustatzeko talde-dinamikak antolatu haiekin, emaitza positiboekin. 

EHUko Jaime Altuna eta Jone Miren Hernandez izan ziren bigarren hitzaldia eman zutenak. Gazteen jarduna aztertzeko metodologia berrien premia dagoela esan zuten, eta gazteen praktika-komunitateez aritu ziren: "Taldean egiten gara hiztun, praktika zehatzak konpartituz". "D ereduko kirola" ikerketa-ekintza proiektuari buruzko azalpenak eman zituzten, 11-16 urte bitarteko gaztetxo kirolariekin egin dutena. Hona hemen proiektuari buruzko bideoa

Deustuko unibertsitateko Alex Iribar ikertzaileak, berriz, alde linguistikoari heldu zion: fonetikari hain zuzen ere. Hiztun berrien hizkera eta hiztun zaharrena berdina al da? Badirudi ezetz. Begibistakoak direnez gainera (tz eta z ahoskatzeko zailtasuna, adibidez), hainbat diferentzia fonetiko antzeman daitezke (erritmoan eta etenaldietan, tonu bokalikoan, fonazioan...); hiztun berriak diren lau ikasleri egindako elkarrizketak hartu ditu oinarri moduan ikerketa egiteko. 

Badihardugu euskara elkarteko Irati Lizeagak eman zuen arratsaldeko lehen hitzaldia. Ahotsak.eus da elkartearen proiektu nagusia, eta ahozko ondarea jaso eta zabaltzea du helburu. Azken urteotan, adinekoez gainera gazteak ere elkarrizketatu dituzte, eta hala sortu da Gazte Gara Gazte proiektua. Euskara eta aisialdia ardatz hartuta, gazteen ahotsak jaso dituzte, bideo-pasarteak online ipini, gaika sailkatuta, eta bideo tematikoak prestatu. Webgunean gazte hiztegia ere eskuragarri dago, hizkera informala lantzeko baliagarria. Hona hemen Lizeagak erakutsi zituen bi bideoak: Hizkera informala: irainak eta Euskalkiak eta umorea.  

Atzo arratsaldeko azken saioa Azpeitiko hitanoari buruzkoa izan zen. EHUko Garbiñe Bereziartua eta Beñat Muguruza izan ziren hizlariak. 12-18 urte bitarteko gazteek hitanoarekin duten harremana ikertu dute, 397 gaztek betetako inkestak aztertuta. Gainera, talde-eztabaidak antolatu zituzte gaztetxoekin, haien iritziak jasotzeko. Nahiz eta Euskal Herrian hitanoa osasuntsuen dagoen herria izan, erabilerak behera egin du Azpeitian orokorrean, eta nokak bereziki: nesken forma sustatzea komeni da, datuak kezkagarriak dira eta! 

Gaur goizean, Deustuko unibertsitateko Elixabete Perezek "Gazteen hizketaldiak Interneten" hitzaldia eman du. EHUko bi irakaslek -Lourdes Oñederrak eta Oroitz Jauregik- gazteen ahoskera izan dute hizpide. Ikastaroari amaiera emateko, Helen Kelly-Holmes irlandarrak (Limerick-eko unibertsitateko irakaslea) hizkuntza gutxituek Interneten duten lekuaz jardun du. 

 

Argazkian: Irati Lizeaga Badihardugu euskara elkarteko kidea, atzo arratsaldean hitzaldia ematen. 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia