Gasteizko euskararen historia ezagutzen, Oihaneder Euskararen Etxean

2020ko urt. 31a, 09:58

Gasteizko Euskararen Ahotsak proiektua aurkeztu genuen asteazkenean. Asmoa: Gasteizko berreuskalduntze-prozesuari buruz jasotako 33 testigantzak ezagutarazi eta iritzi-trukea sustatzea. 50 bat lagun elkartu ziren, eta giro polita sortu zen. 

Ortuño aretoan izan zen topaketa. Euskalgintzako eta kulturgintzako aurpegi ezagun asko batu ziren, Oihaneder Euskararen Etxean. Bertsolariak, idazleak, politikariak. Irakasleak, kulturgileak, euskaltzaleak. Proiekturako elkarrizketatutako 33 lagunetako asko zeuden tartean. Elkar ezagutzea eta elkarrekin euskararen historiako pasarte batzuk ezagutzea zen helburua, iritzi-trukea egiteko. 

Lehenengo, Ahotsak.eus proiektua zer den azaldu genuen, zergatik eta nola hasi ginen Gasteizko Euskararen Ahotsak proiektuarekin, duela bost urte, eta gaur arte egindako bidea, Oihaneder etxearen eta Udaleko Euskara Zerbitzuaren laguntzarekin. Ondoren, Miel Anjel Elustondo kazetariak gidatu zuen saioa. Proiekturako jasotako hainbat testigantza erabilita, Gasteizko euskararen ibilbide historikoaren zertzelada batzuk eman zituen, tarteka protagonistei hitza emanez.

Gerra aurrean EAJren "ikastolara" joaten zen Peli Romarategiren (Gasteiz, 1922) testigantza bat entzunez hasi zen ibilbidea. Izaskun Arrueren gerraosteko ikastola klandestinoa izan zen bigarren hizketagaia. Arrueren ikasleetako bat, Pedro Elosegi, bertan zegoen, eta bere esperientziaren berri eman zuen. 1967an Oñatitik Gasteizera joandako seminarista agustindarrek ere zeresana izan zuten hiria berreuskalduntzen: Felix Razkinek eta Pako Eizagirrek eman zuten garai horren berri. Gasteizko euskaltegien sorrera, Gasteizko sasoi bateko euskal giroa, hainbat gasteiztarren euskalduntze-prozesuak... geldialdi ugari izan zituen ibilbideak. Kantuan ere ipini gintuen Elustondok: Ruben Sanchez bertsotan eta guztiok "Bagare" abestia kantatzen. Luntx batekin amaitu zen ekitaldia, eta elkar-trukeak bertan jarraitu zuen, giro ederrean.

2019an 20 elkarrizketa egin ditugu. Aurretik, 2015ean, 13 gasteiztarren lekukotzak jaso genituen; ahots horiek dokumental labur batean bildu genituen, eta Oihaneder Euskararen Etxean aurkeztu genuen 2016ko apirilean. Hona hemen bideoa:

Egindako 33 grabazio horietako asko landu ditugu, eta bideo-pasarte interesgarrienak on-line daude: 500 bideo-pasarte baino gehiago  guztira. Eskerrak eman nahi dizkiegu Oihaneder Euskararen Etxeko Iñaki Lazkanori eta Udaleko Euskara Zerbitzuko Alex Vadillori, beraien laguntza ezinbestekoa izan delako. Eta, nola ez, mila-mila esker zuen testigantza emanez parte hartu duzuen guztioi! Oraindik ahots asko daude jasotzeko, eta ea proiektuarekin jarraitzeko aukera dugun! 

Idoia Etxeberria lankidea Pako Eizagirre elkarrizketatzen

Idoia Etxeberria lankidea Pako Eizagirre elkarrizketatzen

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia