Gasteizko Euskararen Ahotsak: aurkezpen-topaketa, urtarrilaren 29an

urt. 27, 2020, 12:12 p.m.

Etzi, asteazkenean, da hitzordua, 19:00etan Gasteizko Oihaneder etxean. Asmoa: Gasteizko berreuskalduntze-prozesuari buruz jasotako 33 testigantzak ezagutaraztea eta iritzi-trukea sustatzea. 

Gasteiz pixkanaka-pixkanaka berreuskalduntzen joan den hiria da. Bilakaera hori nola gertatu den jakiteko, Gasteizko Euskararen Ahotsak egitasmoa jarri genuen abian, duela bost urte. Ordutik hona 33 pertsona elkarrizketatu ditugu. Batzuk gasteiztarrak jaiotzez, beste zenbait bihotzez. Euskarak zer sentipen sortzen zien jakin nahi genuen. Euskara nola bizi duten. Urtarrilaren 29ko aurkezpen-topaketaren helburua 33 begirada horien berri ematea da, eta transmisio bide bati ekitea. 

Grabazioetako partaideak topaketara gonbidatu ditugu, eta haiekin batera hainbat arlotako Gasteizko ikus-entzuleak ere izango dira ekitaldian, denon artean azken 50 urteetan Gasteizen jorratu den berreuskalduntze prozesuaren inguruan elkar-truke interesgarria egite aldera. Ekitaldiaren aurkezpen eta dinamizazio lanetan Miel Anjel Elustondo kazetaria izango da, proiektuan elkarrizketatutako lagunetako bat. Hainbat bideo-pasarte ikusi, eta denen artean komentatuko dira.

2019an Badihardugu elkarteko kideok 20 elkarrizketa berri egin ditugu, Gasteizko Udalaren Euskara Zerbitzuarekin eta Oihaneder Euskararen Etxearekin elkarlanean. Elkarrizketa horietako batzuk landu eta sareratzeaz gainera, 2015ean egindako grabazioak ere landu ditugu eta pasarte interesgarrienen bideoak on-line ipini. 2015ean 13 gasteiztarren lekukotzak jaso genituen; ahots horiek dokumental labur batean bildu genituen, eta Oihaneder Euskararen Etxean aurkeztu genuen 2016ko apirilean. Hona hemen bideoa:

Eskerrak eman nahi dizkiegu Oihaneder Euskararen Etxeko Iñaki Lazkanori eta Gasteizko Udaleko Alex Vadillori, kontaktuak egiteko orduan beraien laguntza ezinbestekoa izan delako. Eta, nola ez, mila-mila esker zuen testigantza emanez parte hartu duzuen guztioi! 

Idoia Etxeberria lankidea Pako Eizagirre elkarrizketatzen

Idoia Etxeberria lankidea Pako Eizagirre elkarrizketatzen

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia