Euskararen osasun digitala aztergai, atzo Soziolinguistika Klusterreko Jardunaldian

2018ko aza. 7a, 12:48

Bilbon egin zuten Soziolinguistika Klusterraren Jardunaldiaren 10. edizioa, EHUko Bizkaia Aretoan, eta Badiharduguko kideak ere bertan izan ginen.

Euskara biziberritzeko ikerketak eta garapen proiektuak dira Soziolinguistika Klusterreko ardatza. Eta atzoko jardunaldian egunean jartzeko aukera izan genuen. Ingurune digitala izan zen eguneko gai nagusia: euskara aro digital berrira egokitzeko erronkak. Horrez gain, Gipuzkoako hizkuntza-aniztasuna eta tokian tokiko hizkuntza aktibaziorako gakoak lantzeko aukera ere izan zen, tailerretan. Eta Hausrnartu Sarietako irabazleen lanak ezagutzeko aukera ere izan genuen.  

Aro digitaleko norabidea eta erronkak aletzeko, Budapesteko Andras Kornai adituak hizkuntzen heriotza digitalaren arriskuez hitz egin zuen, eta heriotza hori saihesteko gakoez. Ondoren, bertako zazpi adituk euskararen kasua izan zuten hizpide. Euskararen Aholku Batzordeko IKTen lantaldea, PuntuEUS Fundazioa, Euskal Wikilarien Elkartea, IXA taldea, Elhuyar Fundazioa, Deustuko Unibertsitatea eta Udako Euskal Unibertsitatea egon ziren ordezkatuta; hamarna minutuko aurkezpenak egin zituzten. Azken 15 urteetan aurrerapauso handiak eman badira ere, euskararen osasun digitala kolokan dagoela ohartarazi zuten, eta ez dela lo geratzea komeni. 

Tailerren txanda iritsi zen gero. Bertaratutakoak hiru taldetan banatu ginen, hiru tailerretan: 1. Gipuzkoako hizkuntzen mapa. 2. Tokian tokiko hizkuntza aktibaziorako gakoen bila. 3. Ingurune digitaleko norabidea elkarrekin lantzen. Soziolinguistika Klusterra Gipuzkoako hizkuntza-aniztasunaren mapa prestatzen ari da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskariz, eta tailerrean orain arte egindako lanaren berri eman zuten. Mapa hori osatzeko, besteak beste Badihardugu elkarteak 101 eLe (Euskal herriko hizkuntzak) proiekturako jasotako testigantzak erabiliko dituzte. 

Arratsaldean, Hausnartu Sariak banatu zituzten. Hirugarren saria Badiharduguko kidea den Irati Lizeagak lortu du, “Lintzirin: Eragin Linguistikoaren Ebaluazioan oinarritutako Euskara Sustapen Ekintza Plana” lanarekin. Lehen saria Izaskun Kuartangorentzat izan zen, “Bezero misteriotsuaren teknika herri-administrazioetako zerbitzu-hizkuntzaren ebaluazioan” izeneko lanarengatik. Bigarren saria, berriz, Miren Artetxerentzat, “Hiztun berriak eta bertso-mundua” lanarengatik. Bukatzeko, Soziolinguistika Klusterreko kideek aurrera eramaten ari diren zenbait proiektutatik ateratako hausnarketak eta ideiak plazaratu zituzten. 

Atzoko jardunaldiaren kronika egin dute, Soziolingusitika Klusterreko webgunean.

Irudian, Andras Kornai aditua hitzaldia ematen. Egilea: Soziolinguistika Klusterra

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia