"Euskalkiak hezkuntzan eta komunikabideetan" bideoa ikusgai

2018ko abu. 24a, 09:03

Zein leku dute euskalkiek ikastetxeetan? Eta hedabideetan? Ahotsak.eus proiektuko testigantzekin bideoa osatu dugu, hainbat tokitako gazteen iritziekin. 

Zein leku izan beharko lukete euskalkiek hedabideetan eta ikastetxeetan? Eztabaida sor dezakeen gaia da. Ahotsak.eus proiekturako elkarrizketatutako hainbat pertsonaren iritziekin osatu dugu bideoa, gehienak gazteak, Iparraldekoak zein Hegoaldekoak. 

Eusko Jaurlaritzaren babesarekin egin dugu bideoa. Ikastetxeetan erabiltzeko, DBHko Euskara eta literatura ikasgaian, proposamen pedagogikoak gertatzen ari gara, eta bideo-fitxa sortzen Ikasgelan webgunean. 

Ikasgelan webgunea ahozko ondarea ikastetxeetara bideratzeko sortu genuen: lehen etxeko sukaldean egiten zen transmisioa ikasgelara eramateko, teknologia berriak lagun hartuta. Dagoeneko gaikako 80 bideo baino gehiago jarri ditugu irakasleen eskura, hainbat gairekin lotutakoak, LHrako eta DBHrako. 

Ahotsak.eus proiektuaren helburua ahzoko ondarea jaso eta zabaltzea da. 75 urtetik gora adinekoak elkarrizketatzen ditugu batez ere, baina azken urteotan gazteak elkarrizketatzen ere badabiltza. Gazte Gara Gazte proiektua sortu genuen horretarako. 

 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia