Euskal Herriko historiaurreko aurkikuntza nagusiak, bideo batean

mai. 25, 2016, 12:52 p.m.

Berriatuan aurkikuntza garrantzitsua egin dutela jakin genuen atzo: Atxurra kobazuloan animalien 70 grabatu baino gehiago aurkitu dituztela, duela 14.000 urte ingurukoak. Orain arteko aurkikuntza garrantzitsuenak ezagutu nahi dituenari Jesus Altuna arkeologoaren bideoa ikustea gomendatzen diogu. Ahotsak-en elkarrizketatu genuen, eta baita bideo bat prestatu ere, sei minutukoa, ikastetxeetan erabiltzeko.

Madalen garaiko grabatuak aurkitu dituzte Lekeitiotik gertu dagoen Atxurra kobazuloan (Berriatua, Bizkaia). Bisonteak, zaldiak, ahuntzak... daude marraztuta. 70 baino gehiago direla esan du Diego Garate arkeologoak. Jose Migel Barandiaran bertan ibili zen 1935 eta 1936 urteetan, indusketak egiten, baina marrazkiak koba sarreratik 300 metrora aurkitu dituzte, oso barruan. Oraindik orain kobaren herena ikertu gabe dago. Albiste pozgarri hori baliatu nahi dugu guk, batetik Barandiaran gogoratzeko, eta, bestetik, orain arte egindako aurkikuntza nagusienei buruz prestatu genuen bideoa ezagutarazteko. Bideo honetan Ekaingo aurkikuntzaren berri ematen du Jesus Altuna arkeologoak, eta aurkitu den giza hezur zaharrenaz ere mintzatzen da:

Jesus Altuna (Berastegi, 1932) Ahotsak proiekturako elkarrizketatu genuen, 2012an. Aranzadi elkarteko kidea da, aditua animalia hezurretan, erreferente bat arkeologian. Barandiaranekin hasi zen indusketak egiten, eta, hura erretiratu zenean, berak hartu zuen indusketen gidaritza. Elkarrizketatu genuenean, ordura arteko aurkikuntza nagusienei buruz galdetu genion. Goxo eta xehetasun askorekin kontatu zizkigun. Azaldutakoak oso interesgarriak iruditu zitzaizkigun, eta, Tolosako Udalaren babesarekin, bideo bat prestatu genuen, ikastetxeetan erabiltzeko, DBHn. Izan ere, 2010etik ahozko ondarea ikasgeletara eramateko lanketak egiten gabiltza, hainbat herritan. Fitxa osatu genuen, proposamen didaktikoekin eta testuinguruakin, eta Ikasgelan webgunean jarri genuen: historiaurrea Euskal Herrian. Erabiltzera gonbidatzen zaitugu!  

Irudian, Ekaingo kobazuloko marrazkietako batzuk. 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia