Erakusketa egingo dute Bergarako euskalgintzaren historia ezagutarazteko

2022ko mai. 5a, 10:18

Euskararen historia soziala Bergaran egitasmoan, euskalgintzan jardundako 26 pertsona elkarrizketatu dituzte. Aurten, hedapenean ipiniko dute indarra. Herritarrei laguntza eskatu diete, abenduan egingo den erakusketarako materiala osatzeko.

Gerraostetik trantsiziora, 1980. urtera, Bergaran euskara biziberritzeko egin den lanaren testigantza jaso eta ezagutaraztea da Euskararen historia soziala Bergaran egitasmoaren helburua, eta, bidenabar, baita protagonistei aitortza egitea ere, sarri lan isila eta ezezaguna delako. Atzo goizean prentsaurrekoa eman zuten Bergarako udaletxean, egitasmoa zertan den azaltzeko. Abenduaren 11tik 26ra bitartean erakusketa antolatuko dute, Aroztegi aretoan, eta herritarrei laguntza eskatu diete materiala lortzeko.

Guztira 26 pertsonaren testigantzak jaso dituzte orain arte. Aurten hedapenean jarriko dute indarra, Estepan Plazaola euskara teknikariak azaldu zuenez: abenduan erakusketa antolatuko du Udalak, eta baita hitzaldiak ere. Baliabide didaktikoak prestatzea ere aurreikusten dute, gaia ikastetxeetan lantzeko. Erakusketarako Badiharduguko kideok ikus-entzunezko bat gertatuko dugu, eta, informazio-panelez gainera, orain arte bildutako euskarriak ere erakutsiko dira bertan.

Elkarrizketetan euskalgintzan izandako mugimendua jaso dugu: dantza, antzerkia, hezkuntza, alfabetatzea, kantagintza, betsolaritza... Grabazioak landuta eta ikusgai daude Ahotsak.eus webgunean, Bergarako orrian. Elkarrizketak baliatuta, zenbait material ere jaso da: kartelak, esku-orriak, argazkiak, diskoak… ale horietako batzuk erakutsi zituzten atzo.

2020an hasi ginen egitasmoarekin, Bergarako Udalak eskatuta: hona hemen prentsaurrekoaren albistea. Udaleko Euskara Zerbitzuaren inguruan lan-mahai bat sortu zen, eta lan handia egin du elkarrizketatzeko pertsona egokiak bilatzen eta aukeratzen: elkarrizketak egin aurretik haiekin bildu, dokumentatu... Laboratorium museoan egin genituen elkarrizketa gehienak. 2021eko martxorako 14 lagun genituen elkarrizketatuta (ikusi albistea). Geroztik beste 12 elkarrizketatu ditugu.

Hauek dira elkarrizketatuak: Jose Luis GorrotxategiKoldo Alberdi Egileor IIMaite BarrenaJabier Mendizabal SurraRosa NarbaizaGotzon BikuñaEneko OregiJuan Martin ElexpuruJerardo ElortzaArantzazu NarbaizaBlanca NarbaizaMikel LazpiurArantxa IbarzabalArantzazu OregiDominika MadinabeitiaAgustin AmasorrainIzaskun JimenoMiguel Angel ElkoroberezibarJoxe Mari ElortzaIñaki ArriaranBegoña IturbeBegoña KapanagaJose Luis ElkoroJose Ramon GantxegiBittor Gorrotxategi eta Arantzazu Kortabarria. Mila esker guztiei, testigantza emateagatik! 

Bergarako Udala eta Badihardugu 2003tik gabiltza elkarlanean, herriko ahozko ondarea jasotzeko lanetan. Bergarako Ahotsak, Euskal Herriko Ahotsak eta Bergarako emakumea eta lana proiektuetarako elkarrizketak egiteaz gainera, beste hainbat eragilek egindako grabazioak ere bildu ditugu urteen joan-etorrian: guztira 190 hiztunen testigantzak. 2.500 bideo-pasarte eta 550 audio-pasarte baino gehiago ikus/entzun daitezke Bergarako orrian.

Atzoko prentsaurrekoko argazkia. Ezkerretik eskubira, lan-mahaia osatzen duten taldekideak: Jaione Isazelaia, Aintzane Agirrebeña, Idoia Etxeberria, Ekaitz Aranberri, Juan Martin Elexpuru, Jerardo Elortza, Anaje Narbaiza, Arantzazu Oregi eta Estepan Plazaola. Argazkilaria: Saioa Rodriguez / Bergarako Udala

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia