Elgoibarko ondarea digitalizatzeko bi lan aurkeztu ziren atzo

eka. 18, 2008, 2:15 p.m.

Elgoibarko euskarazko hizkuntza ondarea digitalizatzeko egin diren lanak aurkezteko ekitaldia egin zen atzo (ekainak 17) Elgoibarko Kultur Etxean. Dijitalidadea enpresak egin du idatzizko lanen digitalizazioa eta Badihardugu Elkarteak ahozkoaren lanketa.

Elgoibarko Udalak euskarazko hizkuntza ondarea digitalizatu eta guztion eskura interneten jartzeko bi proiektu jarri ditu martxan aurten eta proiektuon aurkezpena egin zen atzoko ekitaldian.

Aurkezpenean Alfredo Etxeberria, alkatea, Jon Peli Uriguen, euskara batzordeburua, eta Aintzane Agirrebeña, Badihardugu elkarteko teknikaria izan ziren. Laguntzaile lanetan aritu zen Gotzon Barandiaren, Dijitalidadea enpresako teknikaria.

Elgoibarko ahotsak

Lehendabizikoa, Badihardugu Euskara Elkarteak egin duen Elgoibarko ahotsak proiektua izan da. Lan honen helburu nagusia izan da, gure herriko nagusienen ahotik bertako ahozko ondarea jasotzea.

Badihardugu elkarteak orain arte herrian eginda zeuden grabazioak batu ditu; proiektu honetarako, Elgoibarko berbetia eta Elgoibartarren esanetan proiektuetako elkarrizketak erabili baititu.

Ondoren, elkarrizketak kodifikatu (minutuz minutu laburtu), datu-basea antolatu eta transkribapenak egin ostean, bildutako ahozko ondarearen pasarterik interesgarrienak jarri dira Interneten. Hau da, elkarrizketatu bakoitzeko, gutxienez, pasarte bat jarri da sarean, zaletuek zein adituek entzuteko, kontsultatzeko eta ikertzeko aukera izan dezaten. Guztira 43 hizlari, 708 pasarte, eta 114 audio jarri dira.

Elgoibarko kronika zaharrak

Bestalde, ondarea digitalizatzeko aurten burutu den bigarren proiektua, Dijitalidadea enpresak egin duena izan da. Proiektu honen barruan, Elgoibarko kronika zaharrak digitalizatu eta Interneten jarri dira interesa duten guztien eskura. Hori dela-eta, Elgoibarko bizimoduari buruz, 1930etik 1936 urtera bitarteko egunkarietan eta aldizkarietan argitaratu ziren kronikak eta albisteak bildu eta digitalizatu dira. Guztira, 394 kronika eta 1.607 albiste jarri dira Interneten

Udalak ezinbestekotzat jo du aurrekoen bizimodua eta Elgoibarko herriaren historia jasota lagatzea, nahi duten guztiek ezagutzeko, erabiltzeko eta ikertzeko aukera izan dezaten. Horiek horrela, atzoko ekitaldian aurkeztutako proiektuei esker, Elgoibarko hizkuntza ondarea ez ezik, herriaren oroimen historikoa ere bilduta geldituko da, gozatu, erabili, ikertu… nahi duten guztien esku.

Honen inguruko albiste gehiago:

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia