Elgetako proiektuaren aurkezpena

urt. 27, 2009, 10:12 p.m.

Joan zen ostiralean, urtarrilaren 23an, aurkeztu zen Elgetako Ahotsak proiektua eta omenaldia egin zitzaien proiektuan parte hartu duten elgetarrei.

Orain dela hiru urte abiatu zen Elgetako Ahotsak proiektua. Eskualdeko beste herrietan egin den bezala, Elgetan ere herriko adineko jendea elkarrizketatu da, Elgetako hizkera eta ahozko ondarea biltzeko asmoarekin. Lanik gehiena Badihardugu euskara elkartearen esku egon da.

Joan zen barikuan izan zen proiektuaren aurkezpena. Elgetako Espaloian bildu ziren proiektuan parte hartu duten herritarrak, euren senide eta lagunekin batera, eta baita udaleko eta Badihardugu euskara elkarteko kideak ere.

Ekitaldian orain arte egindako bilketa aurkeztu zen, baina batez ere eskerrak eman nahi izan zitzaizkien euren ahotsa eta jakituria eskaini duten 30 elgetarrei. Gehienak bertan ziren eta udalaren aldetik oroigarri bat jaso zuten, euren grabazioaren kopiarekin batera.

Oxel Erostarbe (Elgetako alkatea), Iban Arantzabal (Elgetako Goibeko kultur elkarteko presidentea) eta Asier Sarasua (Ahotsak proiektuko ordezkaria) izan ziren hizlarien artean.

Orain arteko lanaren lehenengo emaitzak sarean dira honezkero: 28 hizlari elkarrizketatu dira (37 ordu guztira) eta grabazio horietatik 500 pasarte jarri dira online, 114 transkribatuta eta 165 bideo ikusteko aukerarekin. Proiektuak, gainera, aurrera jarraituko du datozen 2 urteotan eta orain arteko grabazio gehienak sarean jarriko dira datozen hileetan.

Badihardugu Euskara Elkarteko eskerrak eman nahi dizkie proiektuan parte hartu duten guztiei, batez ere hizlariei eta elkarrizketatzaile lanetan aritu diren Itziarri eta Josuri. Eta udalaren babesa ere azpimarratu nahi dute.

Hau ikusteko Macromedia Flash Player behar duzu. Doan da. Jaitsi produktu hori.

Informazio gehiago:

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia