Ezagutu Elbira Zipitria andereñoaren ibilbidea, gaur, bere urteurrenean

2019ko mai. 28a, 10:46

Elbira Zipitriaren urtemuga da gaur. Aukera polita izan daiteke haren ibilbidea ezagutzeko. "Elbira Zipitriaren Ibilbidea" prestatu dugu eta erabilgarri dago sarean. Orain ikus-entzunezkoa gertatzen ari gara, Ahotsak.eus proiektuko testigantzekin. 

Gaurko egunez jaio zen Elbira Zipitria euskaltzalea, duela 113 urte. 1906an, Zumaian. Donostian hil zen, bertan ibili baitzen andereño lanetan. Gerraurrean hasi zen euskaraz irakasten, Muñoaren ikastetxean, eta gerraostean ikastola klandestinoa ipini zuen etxean, Fermin Calbeton kalean. Oso andereño ezaguna izan zen, aitzindaria. Metodologia xume baina berritzailea zerabilen Zipitriak, eta andereño mordoa prestatu zituen: ikastola klandestinoen sarea antolatu zuen. Ahotsak.eus proiektuan jasotako testigantzak oinarri hartuta, Badihardugu elkartean hainbat lanketa ari gara egiten Zipitriaren jarduna ezagutarazteko. 

Martxoan "Elbira Zipitriaren Ibilbidea" aurkeztu genuen, Donostiako Emakumeen Etxean. Hementxe dago, interesa duen ororen eskura: Zipitriaren ibilbidea. Donostiako parte zaharrean zehar sei geldigune proposatzen dituen ibilbidea da, testuz, argazkiz eta bideoz osatua. Zipitriari eta beste andereño batzuei buruzko informazio interesgarria ematen du. Donostiako Ahots Morea proiekturako egindako lana da, Donostiako Udaleko Berdintasun Sailaren laguntzaz.

Orain, ikus-entzunezko bat gertatzen ari gara, Zipitriari buruz, hura gertutik ezagutu zuten lekukoen testigantzekin. Hona hemen aurrerapen txiki bat:

EIMA 2.0. proiekturako prestatu genuen "Gerraosteko ikastola klandestinoak" bideoan ere aipatzen dute Elbira, nola ez:

Zorionak, Elbira! Ez zaitugu ahaztu.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia