Eibar BHIko ikasleek Ahotsak-eko hainbat pasarte transkribatu dituzte
2025ko mai. 8a, 10:26

Eibar BHI institutuko zenbait ikaslek Euskal Herriko Ahotsak proiektuko hainbat pasarte transkribatu dituzte, Amaiur Aramaio irakaslearen gidaritzapean, euskalkiak lantzeko helburuarekin. Dagoeneko webgunean ikus daitezke guztiak.
Eibar BHIko ikasleek, aurreko urteetan egin izan duten antzera, Ahotsak.eus-en bildutako hainbat lekukotasun transkribatu dituzte. Amaiur Aramaio irakaslea izan dute gidari. Mendebaldeko euskalkia lantzeko helburuarekin, herri askotako pasarteak aukeratu dituzte transkripzioak egiteko, besteak beste, Bergara, Zaldibar, Soraluze, Durango, Sukarrieta eta Eibar. Guztira 50 ikasle inguruk hartu dute parte ekimenean eta 55 pasarte transkribatu dituzte. Eskerrak guzti-guztiei!
2009tik hona Gipuzkoako eta Bizkaiko hainbat institututako ikasleen transkripzioak sareratu ditugu Ahotsak.eus webgunean. Euskara irakasgairako eta euskalkiak lantzeko lan osagarri modura egin izan dituzte normalean pasarteen transkripzioak. Datozen asteetan Ondarroa BHIko ikasleek egindako transkripzioak ere sareratuko ditugu.
Argazkiaren iturria: Eibar BHI
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.