Eibarko Hiztegi Etnografikoa

2003ko mai. 15a, 09:32

Otsailaren 26an aurkeztu zen "Eibarko Hiztegi Etnografikoa". Serafin Basaurik eta Asier Sarasuak koordinatutako lan hori, azken bost urteotan Eibarko nagusienei egindako elkarrizketetan oinarritzen da. Etnografiarekin zerikusia duten ehundaka hitz eskaintzen dizkigu, hainbat marrazki, argazki eta etnotesturekin hornituta.

2003ko otsailaren 26an aurkeztu zen Eibarko Kultura Etxeko areto nagusian Eibarko Hiztegi Etnografikoa liburu berria.

Serafin Basaurik eta Asier Sarasuak koordinatu duten liburu honetan etnografia gaiekin zerikusia duten Eibarko 4.000 berbatik gora bildu dira: baserri-munduko hiztegia, sineskeren inguruko ipuinak, lantegiko hitzen bildumak... Denak ere testuinguruan, etnotestuen bitartez, aurkezten direnak.

Hiru asmo nagusi ditu lan honek: Eibarko eta inguruko hiztegia zehaztea eta bertako ditugun aldaerak eta adierak ematea; galzorian dauden lanbide, ohitura eta ipuinen berri ematea; eta jasotakoa Eibartik Euskal Herrira zabaltzea.

Orain dela lau urte hasitako bilketa-lan zoragarri honen helburu nagusia, galzorian dagoen mundu hori batu eta zabaltzea da; oraindino bizirik dagoen hari fin horri oratu, eta hurrengo belaunaldiengana luzatzea.

Izenburuak berak dioskun moduan, asmoa etnografiarekin zerikusia duten Eibarko hitzak biltzea da, baina betiere herriko lekukoei egindako elkarrizketetan oinarrituz. Guztira 100 eibartar inguru elkarrizketatu dira, erdiak kaletarrak eta erdiak baserritarrak, gehienak 70 urtetik gorakoak.

Lanik gehiena, Eibarko udalak azken urteotan gidatu duen Eibartarren Ahotan proiektuaren barruan egin izan da, bai elkarrizketak egitea, bai transkribapenak egin eta liburua atontzea. Ikerketa-lan horren helburua, eskualdeko nagusienei bideoz egindako elkarrizketen bitartez, XX. mende hasierako bizimodua jasotzea da, eta ondoren Eibarko eta eskualdeko Ahozko Ondarea jasoko duen artxiboa osatzea. Proiektu horri buruzko informazio gehiago interneteko helbide honetan

Liburuaren zati batzuk on line kontsultatzeko moduan ere badituzu Eibarko udaleko Ego Ibarra batzordearen webgunean.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia