Durango 1936 Elkartearen grabazioak katalogatu ditugu

2019ko ots. 11a, 09:37

2017an Durango 1936 Kultur Elkartearekin sinatu genuen hitzarmenaren harira, 56 grabazio berri katalogatu ditugu Ahotsak.eus-en. Gerra zibilean eta gerraostean bizitakoak kontatzen dituzte lekuko guztiek elkarrizketa horietan.

Durango 1936 Kultur Elkartea 2007an sortu zen. Euren webgunean azaltzen duten moduan, elkartearen helburu nagusia askatasunaren eta Euskal Herriko nazio-eskubideen alde faxismoari aurre egin zioten Durangaldeko herritarrei omen egitea da, euren borroka gogorra eta sufrimendua ezagutarazteko eta zor zaien ohorea aldarrikatzeko.

Helburu hori lortzeko bidean, Durangon eta inguruetan elkarrizketa ugari egin dituzte Durango 1936 Elkarteko kideek, bertako herritarrek gerra garaian eta gerraostean bizitakoak jasotzeko. Grabaketa horiek, gainera, landu ere egin dituzte: pasarteak sortu eta bideoak sareratu. Ondoren, euren webgunean zintzilikatu dute material guztia, denon eskura jarriz.

Memoria historikoaren bilketan eta hedapenean antzeko asmoak genituela ikusita, 2017an hitzarmena sinatu genuen Badihardugu Euskara Elkarteak eta Durango 1936 Kultur Elkarteak, indarrak optimizatu eta elkarlana bideratzeko asmoz. Hitzarmen horri esker, Durango 1936 Kultur Elkarteak Durangaldean egin dituen euskarazko elkarrizketak www.ahotsak.eus webgunean katalogatu ditugu, izen bereko proiektuan. Guztira 56 zinta eta 70 lekuko inguru izan dira katalogatutakoak.

Asko dira gerra zibilaren eta gerraosteko urte gogorren inguruan bildutako testigantzak. Esan bezala, Durango 1936 Kultur Elkarteak lekukotza ugari bildu ditu. Ahotsak.eus-en ere bildu izan ditugu sasoi horretako zenbait bizipen. Durangoko bonbardaketaren inguruan, esaterako:

Euskal Herri osoko herritarrek, han eta hemen, gerra zibilean eta gerraostean bizi izandako kontuak ezagutzeko, jo Gerrako Ahotsak webgunera.

 

Argazkian, Badihardugu Elkarteko Asier Sarasua eta Durango 1936 Elkarteko Andoni Barreña hitzarmena sinatzen (2017ko ekaina).

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia