Bergarako Ahotsak aurkeztu da

2008ko uzt. 3a, 04:23

Joan zen ostiralean, ekainak 27, aurkeztu zen Bergarako udaletxean "Bergarako Ahotsak" izeneko egitasmoa. Pleno aretoa txiki geratu zen jende guztia hartzeko. Azken 25 urteotan herrian egin diren grabazio dialektologiko guztiak jaso eta landu dira, eta gehiena Interneten dago kontsultagai.

Aurreko egunotan jakinarazi dugunez, ekainean zehar lau herritan aurkeztu da "Ahotsak" proiektua. Lehenengo Soraluze eta Elgoibar izan ziren. Ondoren Oiartzunen txanda izan zen (hemen, argazkiak ).

Joan zen ostiralean, berriz, Bergarako ahotsak aurkeztu genuen Bergarako udaletxeko pleno aretoan.

Proiektu hau 2003. urtian hasi zen. Badihardugu elkarteak eta Bergarako udalak izenpetuta lankidetza hitzarmenari esker, herriko ahozko ondarea biltzeko ahalegin handia egin da bost urte hauetan. Batetik, azken 20 urteotan herrian egindako 100 grabazio inguru berreskuratu dira (kantuak, toponimia edo herriko hizkera biltzeko egindako grabazioak). Bestetik, beste 120 grabazio berri egin zaizkie Bergarako nagusienei, guztiak bideoz.

Bildutako materialak ez dauka parekorik Euskal Herrian. Guztira 139 hizlariren lekukotasunak jasotzen dira 238 zintatan. Zinta horiek pasarteka banatuta daude eta dagoeneko 1794 pasarte daude kontsultagai; horietatik 524 transkribatuta daude eta 776 ikusi/entzun egin daitezke webgune honetan bertan. Grabaziorik zaharrena 1983. urtekoa da, eta hiztunik zaharrena 1888an jaiotakoa.

Azken 5 urte hauetan lan handia egin da hori guztiori jaso eta lantzeko, batez ere Badihardugu elkarteko Itziar Alberdiren eta Aintzane Agirrebeñaren eskutik; eskerrik beroenak biei. Baina ezin da ahaztu lehenago ere makina bat herritar aritu zirela grabazioak egiten eta herriko ahozko ondarea biltzen, 1980ko eta 1990eko hamarkadetan, besteak beste, Juan Martin Elexpuru edo Jaione Isazelaia.

Ekitaldi ederra eta goxoa

Ekitaldia oso polita izan zen. Aurkezpen ekitaldia baino, omenaldi modura planteatu zen, euren ahotsa utzi diguten 140 bergarar horiek omentzeko. Musika ere izan zen, Lutxurdio eta Agirrebeña trikitilarien eskutik, grabazio gehien dituzten hiztunei oroigarri berezia eman zitzaien, eta gainontzeko lekukoei ere euren grabazioen kopia banatu zitzaien. Bukaeran, talde guztiaren argazkia eta pintxo-jana.

Egindako lana aurkezteko bideo labur bat ere erakutsi zen. Bertan azaltzen da Bergaran egindakoaren laburpena eta jasotakoaren garrantzia.


Ahotsak egitasmo honetan, gaur egun, ia-ia 70 herritako informazioa biltzen dugu, baina proiektu honen ernamuina Bergaran 2003. urtean hasitako lana izan da, eta ondoren garatutako Deba Ibarreko Ahotsak. Horregatik guztiagatik, Badihardugu Elkarteak eta Ahotsak egitasmoak eskerrak eman nahi dizkio Bergarako udalari eta, bereziki, Bergarako euskara sailari.

Informazio gehiago

Informazio gehiago beste webgune hauetan:


Donato Ibarguren eta Clementa Arregiren alaba, grabazio gehien egin zaizkien lekukoak.


Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia