Genero-berdintasuna eta aniztasuna lantzeko egitasmoak, atal berri batean

2022ko uzt. 11a, 08:41

Badihardugu elkartean hainbat bide jorratzen ditugu genero-ikuspegia lantzeko: genero berdintasuna eta aniztasuna. Atal berri bat sortu dugu Ahotsak.eus webgunean, orain arte egindako egitasmo guztiak batzeko eta ezagutarazteko. 

Ahotsak.eus proiektuan 20 urtetik gora daramatzagu elkarrizketak egiten, eta aspaldi konturatu ginen emakumeen testigantzak zein garrantzitsuak diren. Nondik gatozen jakiteko harribitxiak dira, eta baita bizimodua nola aldatu den ezagutzeko ere. Hori bai, adineko emakumeen testigantzez gainera, hurrengo belaunaldienak ere jasotzen ditugu. Nora iritsi garen, zein den orain emakumearen egoera. Eta horrekin batera, genero-aniztasunarekin lotutakoak ere ari gara lantzen: genero-identitateak eta LGTBI+ kolektiboa. Azken urteetan genero-berdintasuna eta genero-aniztasuna lantzeko egin ditugun egitasmoak batzen dituen atal berria sortu dugu ahotsak.eus webgunean.

Atal berri horretan, batetik ahotsak.eus webgunean genero-berdintasunarekin eta genero-aniztasunarekin  lotutako bideo-pasarteak daude. Bestetik, gai horiei buruzko ikus-entzunezko guztien zerrenda osatu dugu, 25 bideo baino gehiagorekin: batzuetan ikuspegi historikoa eskaintzen da eta besteetan gaur egungo egoera. Beste hainbat egitasmo ere batu ditugu: ikastetxeetarako materiala, noka biziberritzeko proiektuak, Donostiako Ahots Morea proiektua, Elbira Zipitriaren ibilbidea, Bergarako emakumeei buruzko azterlana, Eibarko emakumeei buruzko dokumentala... 

 Irudia: Badihardugu

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia