Eibarko beharginen memoria batzen dihardugu

2018ko api. 11a, 12:49

Eibarko Ego Ibarra batzordeak 2017. urtean abiarazi zuen "Beharraren memoria" proiekturako, Eibarko beharginak, lantegietako ugazabak eta bertara lanera etorritako kanpotarrak elkarrizketatzen jarraitzen dugu.

Eibar beharginen herria izan da, industriak hauspotutako herria. Memoria hori jasotzeko helburuarekin sortu zen, iaz, "Beharraren memoria" proiektua. Ego Ibarra batzordeak eskatuta, Badiharduguko langileok sasoi bateko lantegi zein tailerretako beharginak eta ugazabak elkarrizketatzen ari gara, “Eibarko industria-eraikinak” lanerako Mikel Aparicio arkitektoa egiten ari den lana ardatz hartuta.

Eibarko lanbide zaharren inguruko testigantzak jasotzea, horixe da helburua, eta pixkanaka testigantza sorta ederra ari gara osatzen. Egoibarraren webgunean sarean daude dagoeneko 2017. urtean zehar elkarrizketatutako hiztunen esanak: Manuel Estanislao eta Enrique Sagalá (Trust), Julian Azkarraga (Alfa), Inazio Agirrebeña (Laster), Oswaldo Gabilondo (Vicente Gabilondo e hijos), Adela Telleria (Aurrera), Antonio Fernández de Roitegui (Gaspar Arizaga), María José Irusta, Josefina Prieto, María García, Plácido Carmona, Mª Angeles Cortaberría eta Angela Lorenzo (Boj), José Carrillo eta Roberto Ibañez (Star).

2018an zehar, berriz, Inazio Ugartechea (Ignacio Ugartechea), Pablo Aranceta (Cerámica Eibarresa), José Antonio Albizu (AYA) eta Rafael Osoro (Ayra Durex) elkarrizketatu ditugu. Horrenbestez, urtea amaitu baino lehen beste hainbeste izango dira "Beharraren memoria" osatzen lagunduko duten ahotsak.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia