Azkoitiko ahozko ondarea biltzeko hitzarmena

2008ko mai. 8a, 22:15

Atzo, maiatzak 7, aurkeztu zen Azkoitiko ahozko ondarea jasotzeko proiektua. Prentsaurrean azaldu zenez, datozen 2 urteotan Azkoitiko 30 lagun inguru elkarrizketatuko dira bertako euskara jaso eta aztertzeko.

Atzo arratsaldean egin zen aurkezpen ekitaldia Azkoitiko udaletxean. Bertan izan ziren, herriko hedabideen aurrean, Yolanda Larrañaga Azkoitiko euskara zinegotzia eta Badihardugu euskara elkarteko Aintzane Agirrebeña eta Asier Sarasua.

Prentsaurrekoan azaldu zenez, udalak eta Badihardugu elkarteak 2 urteko hitzarmena izenpetu dute herriko hizkera jasotzeko.

Proiektuaren helburua da, adineko 25 lagun ingururi egindako elkarrizketen bidez, Azkoitiko ahozko ondarea antolatuko duen artxiboa sortu eta Ahotsak.com webgunean txertatzea.

Egingo den lanak honako faseak izango ditu:

  • Lehendik eginda dauden grabazioak jaso, digitalizatu eta datu-basean sartu (deialdia egin zitzaien azkoitiar guztiei, etxean izan ditzaketen zinten kopiak udaletxera eraman ditzaten)
  • 25 elkarrizketa berri egin bideoz
  • Zintak kodifikatu (minutuz minutu laburtu)
  • Pasarterik interesgarrienak transkribatu
  • Soinu-artxiboa edo bideo-pasarteak editatu eta interneten jarri.

Urtarrilaren 21ean onartu zen proposamena Euskararen Udal Kontseiluan eta Hezkuntza, Euskara eta Berdintasun Batzordean eta atzo egin zen izenpetze-ekitaldia.

Prentsaurreko aurkezpena eta hitzarmenaren izenpetze-ekitaldia atzo egin ziren arren, proiektua dagoeneko martxan dago eta lehenengo fruituak webgune honetan bertan ikusi daitezke, Azkoitiko udalerriaren orrialdean.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia