Azkoitiko eta Eibarko ikasleek Ahotsak-eko pasarteak transkribatu dituzte

2023ko ots. 8a, 15:25

Azkoitia BHI institutuko DBHko 2. mailako ikasleek eta Eibar BHI institutuko Batxilergoko 2. mailako ikasleek Ahotsak.eus-eko hainbat pasarte transkribatu dituzte azken hilabeteetan. Dagoeneko webgunean ikus daitezke guzti-guztiak. 

2009tik hona Gipuzkoako eta Bizkaiko hainbat institututako ikasleen transkripzioak sareratu ditugu Ahotsak.eus webgunean. Euskara irakasgairako eta euskalkiak lantzeko lan osagarri modura egin izan dituzte normalean pasarteen transkripzioak.

2022ko azaroan, Azkoitia BHIko DBHko 2. mailako ikasleak aritu ziren transkribatzaile lanetan, Beñat Urkiza euskara irakaslearen gidaritzapean. Horretarako, Azkoitiko leukotasunen artetik zenbait pasarte aukeratu zituzten eta, ondoren, binaka, pasarte horiek transkribatu. Guztira 55 ikaslek parte hartu zuten eta guztien artean 50 pasarte transkribatu zituzten.

2023 urte hasiera honetan, berriz, Eibar BHIko Batxilergoko 2. mailako ikasleen transkripzioak sareratu ditugu. Mendebaldeko euskalkia lantzen jardun dute Amaiur Aramaio euskara irakaslearekin eta, ondoren, euskalkiaren ezaugarriez hobeto jabetzeko, euskalki horretako hainbat pasarte transkribatu dituzte, taldeka. 45 ikaslek parte hartu dute lanketa horretan eta guztira Lekeitioko, Ondarroako, Ermuko, Eibarko eta Bergarako 37 pasarte transkribatu dituzte.

Eskerrik asko bi irakasleei eta ikasle guztiei!

 

Argazkian Azkoitia BHIko DBH 2.mailako ikasleak transkripzioak egiten. Iturria: Azkoitia BHI.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia