Astigarragako Ahotsak proiektua aurkeztu genuen atzo, Euskararen Egunean

2019ko abe. 4a, 13:28

2010. urtetik hona 32 herritar elkarrizketatu ditugu Astigarragan, Ahotsak.eus proiekturako. Material guztia landuta eta sarean dago, eta parte-hartzaileei omenaldi xumea egin zitzaien atzo arratsaldean, udaletxean. Ekitaldiko aurkezpen-bideoa sarean dago ikusgai. 

Euskararen Eguna zen atzo, egun aproposa Astigarragako Ahotsak proiektua aurkezteko eta herrian elkarrizketatutako 32 herritarrak omentzeko. Euskara naturala, freskoa, dutelako. Bizi-bizia, etxean ikasia. Astigarragako udaletxeko pleno aretoa bete egin zen, eta parte-hartzaileei eta haien senideei omenaldi xume bezain polita egin zitzaien. Aurresku eta guzti. 

Udaleko ordezkariak eta Ahotsak.eus proiektuko bi kide elkartu ginen aurkezpena egiteko. Lehenengo Xabier Urdangarin alkateak hartu zuen hitza, eta herritarrei ongi etorria emateaz gainera, elkarrizketatuen euskara "Tolosakoa edo beste edozein tokitakoa bezain ederra" dela nabarmendu zuen. Ondoren, Ainhoa Ansa eta Idoia Etxeberria elkarrizketatzaileek proiektuaren nondik norakoak azaldu zituzten, Ahotsak proiektuaren izenean. Esan zuten bizimodua gehiago aldatu dela azken 60-80 urtetan aurreko hiru mendeetan baino, eta 75 urtetik gorako herritarrak aldaketa guztien lekuko izan direla: "Badakizue zer den kanilako urik gabe bizitzea, telefonorik eta frigorifikorik gabe, batera eta bestera oinez eta astoan joatea, jostailuak eskuz egitea... eta orain seguru gehienok mobila daukazuela eta bakarren batek whassapa ere bai igual! Zenbat aldaketa, ezta?". Haiek kontatutakoak entzuten asko ikasi eta asko gozatu dute. 

Elkarrizketatuen testigantzekin osatutako aurkezpen-bideoa erakutsi zuten, makina bat gai jorratzen dituena, eta horixe izan zen ekitaldiko une gogoangarrienetako bat, bertaratutakoen artean barreak, keinuak eta komentarioak eragin baitzituen. 

2010etik hona elkarrizketatuetako 9 joan zaizkigu, eta haiek ere gogoan izan genituen. Ekitaldiaren amaieran, Aintzane Barandiaran zinegotziak ere eskerrak eman zizkien bertaratutako guztiei. "Nora goazen jakiteko, nondik gatozen jakin behar dugu, eta zuei esker jakingo dugu". Parte-hartzaile bakoitzari bere grabazioaren kopia banatu zitzaion, eta baita larrosa hori bana ere.

Bi dantzari gazteren aurreskuak eta talde-argazkiak eman zien bukaera omenaldiari, eta ondoren mokadutxoa jateko aukera ere izan zen, Gure Izarra elkartean. Giro alaia eta goxoa sortu zen han ere, kontu-kontari aritzeko paregabea. Eskerrik beroenak Udalari, besteak beste Amaia Usabiaga euskara teknikariari, arratsalde hain borobila posible egiteagatik. Adinekoak poz-pozik joan ziren etxera eta gu ere bai. 

Euskal Herriko Ahotsak proiektuaren helburua ahozko ondarea jaso eta zabaltzea da. Herrian herriko euskara eta historia. Duela 9 urte hasi ginen Astigarragan elkarrizketak egiten, 2010ean. Udalaren laguntzarekin, materiala pixkanaka lantzen joan eta on-line ipintzeko aukera izan dugu. 800 bideo-pasarte baino gehiago daude ahotsak.eus/astigarraga orrian. Horrenbestez, orain herriko ondarea guztion eskura dago Interneten. Eskerrik asko guztioi!

 

Irudian, atzoko ekitaldiko une bat, taldeko argazkia. Iturria: Astigarragako Udala

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia