Appahi! aplikazioaren Azkoitiko bertsioa eta Hikagin inkestaren emaitzak aurkeztu ditugu
2024ko eka. 20a, 17:55
Azken urteetan Azkoitiko hitanoa biziberritu nahian dabil Azkoitiko Udala, Hike eizan! proiektuaren bitartez; Badihardugu Elkarteak ere proiektuarekin elkarlanean jardun du. Aurten Appahi! aplikazioari Azkoitiko atala gehitu diogu eta, horrez gain, hitanoaren egoera ezagutzeko Euskal Herri mailan egindako inkestan azkoitiarrek emandako erantzunak aztertu ditugu. Gaur aurkeztu ditugu lanaren emaitzak Azkoitian, Pleno Aretoan emandako prentsaurrekoan. Ekainaren 27an egingo den IV. Hike bertso saioaren berri ere eman dute.
Duela zenbait urte Azkoitiko hitanoa biziberritu nahian martxan jarritako Hike eizan! proiektuak aurrera darrai. Gaur goizean Azkoitiko Udaleko Pleno Aretoan egin den prensaurrekoan Appahi! aplikazioaren Azkoitiko bertsioa, Hikagin inkestaren emaitzak eta ekainaren 27an ospatuko den IV. Hike bertso-saioa aurkeztu dituzte Marijose Arregi euskara zinegotziak, Xabier Eizagirre Hike eizan! taldeko kideak eta Aintzane Agirrebeña Badihardugu Euskara Elkarteko kideak. Arregik eman du hasiera, proiektuaren ibilbidea gogoraraziz, eta, ondoren, 2024an gauzatutako ekimenen berri eman dute Eizagirrek eta Agirrebeñak.
2021ean aurkeztu genuen hitanoa ikasi eta praktikatzeko Appahi! aplikazioa. Badihardugu Elkarteak eta Codesyntax enpresak garatu zuten elkarlanean. Helburua: modu jolasgarrian hitanoaren oinarrizko edukiak barneratzea eta hika egiten hasteko prestatzea 5 astean. Hasieran Oñatirako sortu bazen ere, berehala aurkeztu genuen euskara batuko bertsioa ere eta 2023an beste hainbat herritako atalak gehitu genituen. 2024an Azkoitiko atala gehitu diogu eta beste zenbait herritako bertsioekin ere lanean ari gara. Azkoitiko atala osatzeko, Xabier Eizagirrek prestatutako Hike poltsikun liburuxkako edukiak erabili dira eta azalpenen lagungarri gisa herritarrei egindako elkarrizketekin osatutako bideo laburrak erabili dira.
Horrez gain, HIKAGIN inkestaren Azkoitiko emaitzak jasotzen dituen txostena ere aurkeztu dugu gaurko prentsaurrekoan. Hainbat herritan hitanoa bultzatzeko egitasmoak abiatzen ari zirela ikusita, hitanoa biziberritzeko eta, batez ere, saretzeko eta esperientziak partekatzeko asmoz sortu genuen Hikagin proiektua. Emaitza nagusia azaroan Oñatin ospatu zen I. Hika Topaketa izan bazen ere, beste hainbat lan ere egin ditugu proiektu horren baitan. Horietako bat izan zen hitanoaren egoera jakiteko Euskal Herri mailan egindako inkesta. 4.215 erantzun jaso genituen 287 herritatik. Erantzun gehien (305) Azkoititik jaso zirela ikusita, Azkoitiko Udalak jasotako datuak aztertzeko interesa erakutsi zuen. Itziar Sapsootham Badihardugu Elkarteko kideak egin du datuen hustuketa eta aztertketa, eta emaitza biltzen duen txostena sarean dago dagoeneko, bai Badihardugu Elkartearen webgunean eta baita Azkoitiko Udalaren webgunean ere.
Prentsaurrekoari amaiera emateko, ekainaren 27an ospatuko den IV. Hike bertso-saioaren berri eman dute Eizagirrek eta Arregik. Bertan, Andoni Egaña, Jesus Mari Irazu, Nerea Elustondo eta Oihana Iguaran bertsolariek hartuko dute parte, Imanol Artola `Felix´ gai-jartzailearen gidaritzapean. Saio horretan III. Hike eizan bertso-paper lehiaketako sariak ere banatuko dira.
Argazkiak: Goretti Aldalur (Azkoitiko Udala)
Iruzkindu
Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.