Appa hi! aurkeztu dugu, bost astean Oñatiko hika ikasteko aplikazioa

2021ko aza. 24a, 09:22

Eskuko telefonorako aplikazioa da. Modu errazean, jolasean, hika ikasteko aukera ematen du. Badihardugu euskara elkarteak garatu du, CodeSyntax-ekin elkarlanean, Oñatiko Udalarentzat.

Appa hi! aplikazioa eskuko telefonoaren bidez Oñatiko hitanoa ikasteko aplikazioa da, eta bost astean hika egiten ikasteko aukera ematen du. Badihardugu euskara elkarteak garatu du, CodeSyntax-ekin elkarlanean eta Oñatiko Udalari esker. Atzo aurkeztu genuen, Oñatiko udaletxean egin zuten prentsaurrekoan; bertan, hika praktikatzeko egingo den Hikaldixaren berri ere eman genuen. 

Jolastuz ikasi: modu errazean, jolasean, ia konturatu gabe 5 astean hitanoaren oinarriak ikasteko aukera ematen du. Hitanoaren oinarri teorikoak eskaintzen ditu, baina ikasketa prozesuaren funtsa galdera-erantzun estiloko jokoa da. Doakoa da eta PlayStoren dago eskuragarri. Deskargatu, eta hasi jokatzen!

35 egunean, egunero pilula batean, informazio jakin bat ematen da: azalpenak, marrazkiak -Mirari Sagarzazu marrazkilariarenak- eta bideoak, adibideekin. Ondoren, azalpenekin lotutako galdera-sorta bat dator: partidak. Galdera guztiei zuzen erantzunez gero, hurrengo egunean beste pilula bat egiteko aukera izango du erabiltzaileak. Bestela, berriro saiatu daiteke: partidak errepikatu ditzake. Nahi beste aldiz, ondo egin arte. Astero errepaso bat egongo da, eta maila bat igotzeko aukera. Guztira bost maila dira gainditu beharrekoak, aste bakoitzeko bat. Bakoitzak bere erritmora egin dezake prozesua. Galderei zuzen erantzuten eta mailak gainditzen doanak, azkarrenak, bost astean lortuko du Oñatiko hika ikastea.

Badihardugu elkarteak Ingo Xonau! proiektua koordinatzen du. APPA HI! aplikazioa da Ingo Xonau! proiektuaren aurtengo erronka handiena: teknologia euskararen zerbitzura jartzea erabaki dute, eta Codesyntax-ekin elkartu dira ("Egunean behin" aplikazioaren sortzailea), aplikazioa gazteengana iristeko bide ona izan daitekeela iritzita. Hitanoa ikasi eta zabaltzeko gogoa sumatu dute herritarren artean, badagoela interesa, eta horretarako mota askotako tresnak beharko dituztela diote, besteak beste teknologia berriek eskaintzen dizkigutenak. Oñatiko Udalak hasieratik babestu du ekimena, eta apustu handia egin du proiektuaren alde.

Ingo xonau! proiektua herri ekimenetik sortu zen, Oñatin hitanoa biziberritzeko asmoz, 2019an. Andrazkoen hika (noka) galtzen ari zen herrian: hiztun gazteenek 50 urte inguru zituzten. Ezer egin ezean, hamarkada gutxiren buruan desagertu egingo zen. Herritar taldetxo bat bildu zen (tartean Badihardugu euskara elkarteko Idoia Etxeberria), zer egin erabakitzeko, eta berreskuratzen saiatzea erabaki zuten.

Badiharduguk hartu zuen elkarrizketak egiteko eta proiektua gidatzeko ardura, herriko beste eragile batzuen parte-hartzearekin (besteak beste, Udal Euskaltegia eta Jabetze Eskola), eta elkarrizketak Ahotsak.eus proiektura bideratu dira. Ondoren, hitanoaren erabileran eragiteko hainbat bide jorratu dira: ikus-entzunezkoak, hikalaguna, liburuxka, hikaren txuleta, hika ikastaroak... Pausoz pauso egin dena ikusteko: https://ahotsak.eus/egitasmoak/ingo-xonau/

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia