Antton Valverde musikaria elkarrizketatu dugu Donostiako Ahotsak proiekturako

2021ko aza. 8a, 09:35

Euskal musikagintza berriaren mugimenduak erakarrita hasi zen kantuan, 70eko hamarkadan. Aurten guztira 16 donostiar ezagunen testigantzak jasoko ditugu, euskarak Donostian izan duen bilakaera ezagutzeko.

Antton Valverde (Donostia, 1943) musikariari etxetik datorkio euskalzaletasuna. Ama oso euskalduna zen eta harengandik jaso zuen euskara. Aitak ez zekien, baina ikasi zuenean, etxean denak euskaraz egitera behartu zituen. Donostiako Ahotsak proiekturako elkarrizketatu dugu, San Telmo museoan. Donostiako euskalgintzari eta kulturgintzari buruzko testigantzak biltzen ari gara: 60ko hamarkadatik 80ko hamarkadara bitartekoak bereziki, euskararen historia jasotzeko. Hona hemen elkarrizketako zertzelada batzuk:

Antton 27 urterekin hasi zen kantuan, euskal musikagintza berriaren mugimenduak eraginda: Ez Dok Amairuren osteko labealdikoa da. Bakarka hasi zen, 70eko hamarkadaren hasieran, baina gero Xabier Leterekin eta Julen Lekuonarekin elkartu zen. Oskarbi taldean ere egon zen. Batez ere olerkiak eta bertsoak bihurtu ditu abesti (Lizardirenak eta Lauaxetarenak, askoren artean) eta sortzen jarraitzen du orain ere.

Anttonen aita Antonio Valverde “Ayalde” margolari ezaguna zen, eta familiako Grafica Valverde inprimategian egiten zuen lana. Antton ere hantxe ibili zen lanean, Deustun Enpresaritza ikasketak egin ostean. Hori bai, musika ikasketak ere egin zituen, pianoa besteak beste. 

Donostiako Udalaren Euskara zerbitzuaren babesarekin egin genion elkarrizketa. 2021. urtean 16 donostiar elkarrizketatuko ditugu guztira, Donostiako euskararen historia jasotzeko. Ahozko ondarea jaso eta zabaltzea da Ahotsak.eus egitasmoaren helburua. Donostiako Udalaren babesarekin, 2009tik hona elkarrizketa mordoxka egin ditugu: 180 pertsona daude elkarrizketatuta, Donostiako orrian, batez ere gerra aurreko eta gerraosteko lehen urteetako kontuak jasotzeko. Orain, berriz, euskalgintzari buruzko testigantzak biltzen hasi gara.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia