Aitziber Garmendia: "Umetan Txiribiton izan nahi nuen, gizona eta potoloa"

ira. 26, 2019, 9:59 a.m.

Aitziber Garmendia aktore zaldibitarra elkarrizketatu dugu, Gazte Gara Gazte proiekturako. Ikusi haren testigantzekin prestatu dugun bideoa! 

Aktorea, gidoigilea, aurkezlea. Aitziber Garmendia ezaguna eta maitatua da gurean. Une honetan ETB-1eko "Gure Kasa" programan ikus dezakegu, eta sei antzezlanetan parte hartzen ari da, aldi berean. Aurretik hamaika lanetan jardun du, antzerkian, telebistan zein zineman. Ahotsak.eus proiekturako elkarrizketatu dugu guk, Gazte Gara Gazte atalerako. Gertukoa da Aitziber. Naturala, benetakoa. Bere ibilbide oparoan izan dituen esperientziak kontatu dizkigu. Besteak beste, bere umetako eta gaztetxotako ametsak: lehenengo Txiribiton pailazoa zen bere idoloa, gero Lina Morgan eta, ondoren, Elena Irureta. Euskara ere hizpide izan dugu, euskalkizale amorratua baita: "Zer dago guayago zure herriko hizkuntzan aritzea baino?", dio Aitziberrek. Eta arrazoia dauka!

Aitziber Garmendiaren elkarrizketa ez dugu oraindik landu: bideo-pasarte guztiak sarean ipintzeko denbora apur bat beharko dugu. Hori bai, bideo labur hau prestatu dugu hark kontatutako pasarte batzuekin. On egin!

Eskerrik asko, Aitziber! Segi orain arte bezala, maite duzun hori egiten! 

 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia