Ahotsak.eus proiektuak Urrezko Kalabaza saria jaso du, Ahoz Aho jaialdian

2020ko aza. 19a, 09:51

Larunbatean izan zen ekitaldia, Tolosan, Euskal Narratzaileen V. Topaketan. Carles Garcia eta Iñaki Carretero narratzaileak eta Ahotsak.eus proiektua saritu zituzten, Urrezko Kalabaza banarekin. 

Intujai Teatrok banatzen ditu Urrezko Kalabaza sariak, eta aurtengo sarituen artean gure proiektua dago: Ahotsak.eus. Ahozkotasunari lotutako sariak izan ohi dira. Oso baliagarria iruditzen zaie Ahotsak-en bilduta daukagun ondarea eskura izatea, ipuinak eta kondairak ezagutu eta transmititzeko, eta hiru kalabazetako bat eman digute. Mila esker sariarengatik! Ilusio handia egin digu! Jaso daitezke, bai, horrelako kalabazak! 

Larunbat goizean izan zen sari banaketa, Ahoz Aho 2020 jaialdiaren barruan, Euskal Narratzaileen V. Topaketan. Ez genuen joaterik izan, eta Joxe Mari Karrere ipuin-kontalariaren eskutik jaso genuen saria, atzo, Donostian. Larunbatean berak jaso zuen saria, Ahotsak-en izenean, Tolosan. "Euskal Herriko historiaren ikuspegi ezberdinak jasotzen egindako lana eskertu nahi diegu. Mapa linguistiko erraldoi bat osatu dute, euskalki ezberdinetan egindako elkarrizketei esker. Altxor eder eta interesgarri bat da, lan zoragarri baten fruitua", azaldu zuen Karrerek, ekitaldian. Carles Garcia eta Iñaki Carretero narratzaileak bertan izan ziren, saria jasotzen. Euskal Herriko eta atzerriko narratzaile bana saritzen dituzte urtero. 

Sari banaketaz gainera, hitzaldia eta bakarrizketa ere izan ziren larunbatean, Amarozko auzo etxean. Arabazan talde sortuberriari ere aipamen berezia egin zioten: Itziar Rekalde narratzaileari kalabaza-haziak oparitu zizkioten. Ekitaldiari buruzko informazio gehiago: Tolosaldeko atarian

Ahotsak-en jasotako ipuinak eta abestiak ezagutarazteko, Kontu eta kanten kantoia webgunea sortu genuen. Berriki bi ipuin-kontalarirekin egon gara harremanetan: Joxe Mari Karrere eta Amaia Elizagoien "Ameli". Ahotsak-en jasotako ipuinen bertsioak egiteko eskatu genien. Beraiek landutako ipuinak "Kontaketak" atalean ikus daitezke. Hona hemen bi bideo, egin zuten lan ederraren erakusgarri:

Argazkian: Ahotsak.eus proiektuko Idoia Etxeberria eta Joxe Mari Karrere ipuin kontalaria atzo Donostian, Urrezko Kalabaza sariarekin. 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia