Ahotsak.eus Errusiara ere iritsi da!

aza. 9, 2018, 1:57 p.m.

EiTBko Euskalonski saioan Ahotsak.eus ezagutzen duen neska errusiar bat elkarrizketatu dute: Karina Mishchenkova. Errusiako hizkuntza gutxituen alde ari da lanean, gurearen antzeko proiektu batean. 

Aho bete hortz geratu ginen aurrekoan, EiTBko Euskalonski saioa ikusten ari ginela, Karina Mishchenkova errusiarra Ahotsak.eus proiektuari buruz hizketan hasi zenean. Peio Reparaz musikari-bidaiaria Moskura joan da, eta euskaraz dakiten hainbat errusiar elkarrizketatu ditu. Tartean, Karina. 

Errusian Ahotsak.eus-en antzeko proiektu bat daukatela aipatzen du Karinak, berak boluntario moduan egiten duela lana bertan. Hori bai, ez dituzte errusieraren dialektoak jasotzen, Errusiako hizkuntzak baizik. Izan ere, 50 hizkuntza gutxitu daude Errusian, galtzeko arriskuan. 50:32 minututik aurrera agertzen da. Ikus bideoan:

Ohartuta geunden gure webguneko estatistikek datu bitxiak ematen dituztela. Eta bagenekien Errusian ere erabiltzen dutela, baina ez zertarako, nork eta nola... Egia esan, behin baino gehiagotan harrituta geratu izan gara, webgunera munduko zein tokitatik sartzen diren ikusita: Estatu Batuak, Hego Korea, Japonia, Tailandia, Taiwan, India, Erresuma Batua, Alemania, Txina, Argentina... ea erabiltzaile gehiago ezagutzeko aukera dugun! Ederra izango litzakete, bai horixe!

 

Irudian, Karina Mishchenkova. Euskalonski saioko fotograma bat. Iturria: EiTB

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia