Agur Bitoriano Loiola "Ospas" trikitilariari

urt. 2, 2017, 10:15 a.m.

2016arekin batera agur esan digu Bitoriano Loiola Ospas soinujoleak. Gaztetan ikasi zuen soinua jotzen, bere kontura, eta bizitza osoa pasa du bazterrak alaitzen. Soinu hots artean agurtu zuten familiakoek eta lagunek, abenduaren 30ean.

Mutrikuko Abeletxe baserrian jaio zen Bitoriano 1926an, baina gaztetatik Mendaroko Ospas baserrian bizi izan zen eta hortik zetorkion gaitzizena. Etxean taberna antzekoa izan zuten eta erromeriak egiten ziren bertan. Handik sortuko zitzaion seguruenik trikitiarekiko zaletasuna; izan ere, bere kontura soinu txikia jotzen ikasi eta urte askoan han-hemenka soinua jotzen ibili zen. Gizon txikia baina benetan bizia zen Ospas, eta azken uneraino soinua izan du lagun.

Bi aldiz irabazi zuen 60 urtetik gorakoen trikiti-txapelketa Zarautzen, Elgetako Luzio Ubera panderojolea lagun zuela. Bitorianoren amak ere panderoa jotzen omen zuen. Elgeta soinujolearekin ere 3-4 egunez jardun omen zen zerbait ikasten. Kontu horiek eta gehiago kontatu zizkigun 2008an Euskal Herriko Ahotsak proiekturako egin genion elkarrizketan.

 85 urte zituela egin zioten honako grabazioa. Artean bizi-bizi jotzen zuen fandangoa!

2015eko San Jose eguneko Azpeitiko trikiti jaialdian ere parte hartu zuen Janire bilobarekin. Bere azken egunetan ere soinua hartuta ibili omen zen. Horrelaxe gogoratuko dugu beti, soinua lepotik duela.

 

Informazio gehiago naiz.eus-en eta barren.eus-en.

 

Argazkian Ospas eta Janire Azpeitiko trikiti jaialdian 2015ean (Ibon Errazu)

 

 

 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia