AEKren Didaktika Topaketan

Ots. 5, 2018, 3:37 p.m.  ¦ 

Ahotsak.eus proiektua azaltzen egon ginen larunbatean Donostian, AEK-ko irakasleei zuzendutako didaktika topaketan. 

Larunbatean, otsailak 3, Gipuzkoako Bazkundean izan ginen, Donostian, AEKren Didaktika Topaketan. Ahotsak proiektuaren berri ematera joan ginen, jasotako testigantzak euskaltegietan erabiltzeko ere aproposak izan daitezkeelako. Ahotsak.eus webgunean zer dagoen eta nola bilatu azaltzeaz gainera, Ahotsak Ikasgelan webguneko materialaren berri ere eman genien AEK-ko irakasleei. "AEKideei zuzendutako prestakuntza jarduera" baitzen larunbatekoa.

2010ean hasi ginen hezkuntzako proiektuarekin, Ahotsak proiektuan jasotako testigantzak ikastetxeetara bideratzen. Bi lan ildo nagusi ditugu: kanta-jolasak eta bideo tematikoak (proposamen pedagogikoak). Guztira 125 bideo baino gehiago, irakasleen eskura. Eta ikastetxeetarako gertatutako bideoetako asko euskaltegietan ere erabil daitezke. Hona hemen hiru adibide:

Euskara, integrazio hizkuntza

Hizkera informala: irainak

Emakumeak eta janzkera

Euskalkitegia jokoaren berri ere eman genuen: euskalkiak asmatzeko jolasa da, eta belarria euskalkietara ohitzeko modu polita izan daiteke. 

Didaktika jardunaldien lehen zatian Iñaki Martinez de Lunak eta Kike Amonarrizek hartu zuten hitza. Hainbat gako eman zituzten euskararen irakaskuntzaren gainean, AEK-n azken lau urteetan egin duten barne hausnarketa-lanketa kontuan hartuta. Ondoren, "mintzodromoa" egin zuten AEKideek, taldeka banatuta, iritzi eta esperientzia trukea. Topaketen bigarren zatian publikoa bitan banatu zen. Areto batean Euskarazko Wikipedia eta Ahotsak.eus proiektuak ezagutarazi genituen; Galder Gonzalezek Wikipedian euskarazko edukiak nola sortu eta nola erabili azaldu zuen, eta oso interesgarria izan zen. Beste areto batean, berriz, Primeran! B1 langai didaktikoak izan zituzten hizpide. 

Mila esker antolatzaileei, parte hartzeko aukera emateagatik! Eta animo AEKideei, euskara irakasteko langintza eder baina konplexu horretan. Topaketan argi esan zuten bezala, psikologo eta dinamizatzaile lanetan ere jardun behar baitute euskara irakasleek sarritan, eta ez baita erraza. 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia