Aditz-taulen gidaliburua aurkeztu dute Soraluzen

urr. 19, 2009, 8 a.m.

Ostiralean aurkeztu zuten Soraluzeko aditza jasotzen duen liburuxka. Egoitz eta Arianne Unamuno izan dira egileak eta Badihardugu Euskara Elkarteak argitaratu du. 

Deba Ibarreko herri guztietako aditza batzea du helburu elkarteak eta dagoeneko zazpi argitalpen eginak ditu, bederatzi herritako aditza batzen dutenak.

Unamunotarrek azaldu zutenez, liburua gidaliburua da eta egunerokoan erabiltzen diren ohiko aditzak jaso dituzte bertan: "edozeinek erabil dezake, herritarrek, ikastetxeko eta euskaltegietako irakasleek, ikasleek...". Aditz taulen liburua osatzeko Josu Izquierdo irakaslearen azken aditz liburua hartu dute oinarri eta Izquierdo bera ere bertan izan zen Unamunotarrekin batera liburua aurkezten. Bestetik, liburua osatzeko Soraluzeko San Andres auzoko zazpi hiztunen laguntza jaso dute . Urte eta erdi behar izan dute herriko hizkerako aditz-taulak osatzeko.

Bukatzeko liburu egileek eskerrak eman nahi izan zizkien sasoi bateko Soraluzeko Ametsa Ikastolan irakasle izan zituzten irakasleei, AEKko irakasleei, Badiharduguri, Pil-pilean Euskara Elkarteari eta azkenik Soraluzeko Udalari. 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia