Abbadia saria jaso dugu ekitaldi hunkigarri batean

abe. 3, 2018, 4:48 p.m.

Ostiralean izan zen Abbadia Sarien ekitaldia, ederra bezain hunkigarria. Mila esker saria eman digutenei eta proiektuan parte hartu duten guztiei!

Ekitaldia oso ederra izan zen. Zaindua, bildua, goxua... Ahotsak-eko lantaldea osatzen dugunontzat polit eta hunkigarria. Izugarri gozatu genuen. Horrexegatik, beste ezer baino lehanago, eskerrak eman nahi dizkiegu antolatzaile eta parte-hartzaileei. Guztia bideratu zuen eta horren gozo zaindu gintuen Garbiñe Mendizabali, aurkezle lanetan aritu zen Ainara Ortegari, saria den artelan ederra egin zuen Arrate Rodriguez artistari, epaimahaiari eta, oro har, ekitaldia hau ahaztezin bihurtu zenuten guztioi, bihotzez, Ahotsak-eko lantalde osoaren izenean, mila esker!

Gipuzkoako Foru Aldundian izan zen ekitaldia, 19:00etan, oso giro ederrean. 100 bat lagun bildu ginen. Streaming bidez bota zuten ekitaldia, zuzenean, eta hementxe duzue ikusgai:

Egun berezia izan zen ostiralekoa, ahazten ez den horietakoa. Gipuzkoako Foru Aldundiko erdiko atetik sartu ginen Ahotsak-eko zazpi lankideok. "Ohorezko atetik", hain zuzen ere: "Bisita berezientzat" soilik irekitzen duten atetik. Garbiñe Mendizabal Euskara Berdintasuneko zuzendaria zain genuen. Eta hantxe atera genuen lehen argazkia, poz-pozik, eskaileretako alfonbra gorrian eserita. Hori bai, argazkilariak goian genituen zain. Oholtzara, piano beltzaren ondora igoarazi, eta argazki-zaparrada jaso genuen. 

Ekitaldi berezia antolatu zuten, apropos guretzat. Baita bete-betean asmatu ere. Ainara Ortega aktore eta abeslariak egin zituen aurkezle lanak. Bere amona Kattalinarekin izandako harremanari buruz hitz egin zuen. Harekin ikasitako hitzak, esamoldeak, kantak... aipatu zituen. Eta baita hari entzundako bizipenak ere: gerrakoak, euskararen zapalkuntzari buruzkoak, emakumearen askatasun faltaren gainekoak... Ahotsak.eus proiektuko testigantzak izan ziren aurkezpeneko haria. Ortegak kantatu ere egin zuen, piano doinuak lagun zituela: Txikitxo polit hori, Negu hurbila... 

Auzolana izan zen ekitaldiko bigarren haria. Ahotsak-eko testigantza batzuk erabili zituzten horretarako ere. Lehenengo Garbiñe Mendizabalek hartu zuen hitza, eta ondoren Jone Miren Hernandez epaimahai-buruak. Elkarlanaren garrantzia azpimarratzeaz gainera, Ahotsak-en lana goraipatu zuten biek ere. Eta Ahotsak-eko lankideon txanda iritsi zen: zazpiok igo ginen oholtzara eta Markel Olanoren eskutik Arrate Rodriguezek egindako artelan ederra jaso ostean, zazpiok hitz egin genuen. Bakoitzak zatitxo bat, eskerrak emateko. Markel Olanoren hitzaldiak eman zion amaiera solasen tarteari. Eta ekitaldiari, berriz, Ortegak, bere ahots ederrarekin, kantuan. Berariaz Ahotsak-entzat egindako abesti bat zen, denok hunkitu gintuena. Gero jakin genuenez, Juan Martin Elexpuru lankide ohiak idatzi zuen letra, Haritz Solupek koordinatutako ekitaldiaren gidoi orokorraren barruan.

 

Abbadia Sariak 2018

 

Sorpresaz betetako ekitaldi polita izan zen ostiralekoa. Ahaztuko ez duguna; eta lanean jarraitzeko energiaz betetzen gaituena! ;)

Eskerrik asko guztioi.

Hona hemen Gipuzkoako Foru Aldundiak plazaratutako albistea. Makina bat komunikabidetan idatzi dute aurtengo Abbadia sariari buruz: Berria, Diario Vasco, Noticias de Gipuzkoa, Euskadi Irratia, Zuzeu, Gaztezulo... Eskerrik asko guztioi! 

Irudian, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia Ahotsak proiektuko langileei saria ematen. Jatorria: Gipuzkoako Foru Aldundia

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia