87 urte Eibarren II. Errepublika aldarrikatu zela

Api. 13, 2018, 10:30 a.m.  ¦ 

1931ko apirilaren 14ko goiz hartan, II. Errepublika artean aldarrikatzear zegoela, eibartarrak lehendabizikoak izan ziren Errepublikako bandera udaletxeko balkoian eskegitzen. 

1931ko apirilaren 14an aldarrikatu zuten Espainiako II. Errepublika. Gertaera horrek ilusioa piztu zuen herritarrengan. Izan ere, aldaketa politiko ikaragarria zen. Primo de Riveraren zazpi urteko diktaduraren ostean, soka berekoa zen Damaso Berenguer jenerala zegoen agintean, Alfonso XIII.a erregearen babesarekin. Apirilaren 12ko udal hauteskundeetan, baina, Errepublikaren aldekoek irabazi zuten. Eta Eibar izan zen II. Errepublika aldarrikatu zuen lehen herria, estatu osoan. 

Eibartarrak aurreratu egin ziren. Bezperan iritsi zitzaien berria, eta ez ziren Madrilgo aginduen zain egon: udaletxeko balkoian Errepublikako bandera zintzilikatu zuten, apirilaren 14ko goizean. Untzaga plaza gainezka zegoen. Egun handia zen, pozgarria. Alabaina, larritasun uneak ere izan zituzten, aldarrikapena garaia baino lehen egin zutela ohartu zirenean.

Bideo labur honetan azaltzen dira orduko gorabeherak, eta Maialen Lujanbio bertsolariak  Eibarren II. Errepublikari buruz kantatu zituen hiru bertso ere badatoz (gerraren 75. urteurreneko ekitaldikoak):

II. Errepublikari buruzko informazio gehiago, besteak beste Wikipedian eta dokumental labur honetan: Esnatu! Errepublikia etorri da ta!

Gerrako kontu gehiago: gerra.ahotsak.eus webgunean. 

Irudian: Eibarko Untzaga plaza, Errepublika aldarrikatu zuten unean. 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia