850etik gora herritar paparrean H-a ipinita, Oñatiko Euskaraldia Hikan

2025ko mai. 26a, 16:09

Hitanoa bultzatzeko lehiaketekin eman diote amaiera Oñatin Euskaraldia Hikari. Herritar asko animatu da txapan H pegatina ipintzera eta hika zabaltzeko hainbat jarduera egin dituzte herrian. 

Oñatin 1932 herritarrek eman dute izena Euskaraldian. Horietatik 853k H pegatina ipini dute txapan. Oso datu positiboa da, herrian hitanoaren aldeko jarrera dagoela erakusten duena. Atzo, itxiera ekitaldian, Noka LeHiaketan parte hartu duten guztien artean saski eder bat zozketatu zuten. 100dik gora herritarrek hartu dute parte eta Martin Txintxurreta izan zen irabazlea.

Ostiraleko Eskolarteko Appa Hi! txapelketako finalean (irudian), berriz, DBH3ko 45 ikaslek hartu zuten parte; ikastetxe bakoitzetik 15na joan ziren, aurrez kanporaketak eginda. Han hiru ikasle izan ziren irabazleak: Gorka Altzelai, Haizea Amado eta Unai Askasibar. Kultur produktuak erosteko bonoak eskuratu zituzten.

Adin askotako herritarrek hartu dute parte Euskaraldia Hikan. Guztira sei jarduera egin dituzte hitanoa bultzatzeko: Mintzodromo-Hiakdromoa, Zopa antzezlana, Hika Eguna, Hika bertso-saioa, Appa Hi! txapelketa eta LeHIaketa zozketa. H pegatinadun txapa jantzi dutenetako askok hizkuntza-ohiturak aldatzeko lehen pausoa eman dute. Ea erronkarekin jarraitzen duten eta hikadun mordoxka aktibatzen den!

Argazkian, ostiraleko Eskolarteko Appa Hi! txapelketa. Julen Agirrek gidatu zuen. 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia