"Zer da gerra?" ikus-entzunezkoa, 1936ko gerra ume eta gaztetxoen bihotz-begietan

2018ko mai. 10a, 10:24

"Zer da gerra?" dokumentala Ikasgelan webgunean ipini dugu, ikastetxeetan erabil dezaten, eta baita Gerrako Ahotsak webgunean ere. 1936ko gerrako ume-gaztetxoak eta gaur egungoak agertzen dira ikus-entzunezkoan, beraientzat gerra zer den kontatzen.

Oraingo ume eta gazteei aspaldiko kontua iruditzen zaie gerra. Munduko beste toki batzuetan gertatzen den zerbait. Urrunekoa. Alabaina, ez dira hainbeste urte igaro 1936ko gerratetik. Gerra hura bizi izan zutenen ehunka testigantza ditugu bilduta Ahotsak.eus proiektuan. "Zer da gerra?" dokumental laburraren asmoa gaztetxoei gertatu zena ezagutaraztea da. Horretarako, gerrako umeen testigantzak erakusteaz gainera, gaur egungo ume eta gaztetxoen iritziak ere batu ditugu. Zer da gerra haientzat?

Hausnarketa eragitea da helburua. Gerren ondorioei erreparatzea. Eta gerra bizi izan zuten ume haien lekuan jartzen saiatzea. Ikasgelan webgunea ikastetxeetan ahozkotasuna lantzeko sortu genuen. Ahotsak.eus proiektuan jasotako ezagutzaren transmisioa egiteko. "Zer da gerra?" dokumentala ere hantxe ipini dugu, eta fitxa sortu diogu.

Hortaz gainera, gerrako webguneko bideotekan ere ipini dugu dokumentala: gerra.ahotsak.eus Webgune horretan, 1936ko gerrari eta gerraosteari buruzko testigantzak ikus eta entzun daitezke, gaika sailkatuta. 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia