Nesken parte-hartzea Eskoriatzako Santa Ageda festan

2016ko ots. 4a, 11:19

Iritsi da Santa Ageda bezpera. Eskoriatzan neska-mutilak irtengo dira kantu-eskean eta dantzan. Lehen mutilek bakarrik hartzen zuten parte. Orain, guztiek. Bilakaera hori nola gertatu den erakusten duen bideo laburra prestatu dugu.

Santa Ageda ohitura aspaldikoa da, eta, aldaketak aldaketa, Eskoriatzan bizi-bizirik mantendu dute. Azken hamarkadetako bilakaeraren berri ematen duen dokumentala plazaratu genuen iaz, garai honetan, Eskoriatzako Udalarekin elkarlanean. Aurten, berriz, aurreko lana osatzeko, Santa Agedan nesken parte-hartzea nola aldatu den erakusten duen dokumental laburra prestatu dugu:

Tradizioz mutilak ziren Santa Agedan kantu-eskean ateratzen zirenak, soldaduskara joan behar zuten 'kintoak' hain zuzen ere. Kopla kantari dirua eta jatekoa batu, eta afari eder bat egiten zuten. Eta plazan dantza egiten zuten. 1876. urtean euskal foruak galdu zirenetik 2001. urtera arte, soldaduska derrigorrezkoa izan zen: 'kinto sistema' indarrean zegoen. Soldadu joan behar ez izateak Santa Ageda ohituran ere aldaketak ekarri ditu, pixkanaka. 2008. urtetik aurrera, 18 urte betetzen dituzten neskek eta mutilek berdintasunez jarduten dute kantu-eskean eta dantzan, Eskoriatzan.  

Ikasgelan webgunean ere jarri dugu bideoa, ikastetxeetan erabilgarri gerta dadin. Genero ikuspegia lantzeko. Izan ere, Eskoriatzakoa eredu izan daiteke antzinako ohiturak garai berrietara egokitzeari begira. Ikasgelan webgunean, iaz prestatutako beste bi bideoak ere badaude, Santa Agedako orokorra eta inauteriak Eskoriatzan

Ikus albistea Eskoriatzako Udalaren webgunean: eskoriatza.eus 

 

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia