"Donostia eleaniztuna" dokumentala aurkeztu dugu, eta sarean duzue ikusgai

Mar. 23, 2017, 10:08 a.m.  ¦ 

Euskal Herrian hitz egiten diren hizkuntzak jasotzea helburu duen 101 L proiektua eta Donostiako hizkuntzen dokumentala aurkeztu genituen atzo, Koldo Mitxelena kulturunean.

Zenbat hizkuntza hitz egiten dira Donostian? Eta Euskal Herrian? Galdera horiei erantzuna eman nahian hasi ginen 101 L izeneko proiektuarekin, hizkuntzak jasotzen. 2015eko maiatzetik hona 99 hizkuntza jaso ditugu eta 190 pertsona baino gehiago elkarrizketatu. Idoia Mauleon eta Idoia Etxeberria Badiharduguko kideek 101 L proiektuaren nondik norakoak azaldu zituzten atzo Donostian, Koldo Mitxelena kulturunean, eta "Donostia eleaniztuna" dokumental laburra ikusteko aukera ere izan zen. Hementxe duzue:

Aurkezpenean, 101 L proiektuaren sorrera eta garapena azaldu zituzten Idoia biek, eta Donostiako elkarrizketak nola egin dituzten: kalean jarritako karpetan, autokarabana batean eta kultur etxeetan. Proiekturako egindako elkarrizketa guztiak 101.ahotsak.eus webgunean daude jarrita, eta webgunean bideo pasarteak nola bilatu ere esplikatu zuten: 1.000 bideo pasarte baino gehiago daude online, ikusteko moduan, gaika sailkatuta; hiztunaren eta hizkuntzaren arabera ere egin daiteke bilaketa. 

Koldo Mitxelenara proiektuan parte hartu duten hainbat lagun hurbildu ziren, eta baita Donostian zenbat hizkuntza hitz egiten diren jakin nahi zuten herritar batzuk ere. Gerturatu zirenek harrera beroa egin zioten proiektuari. Galderentzat eta iradokizunentzat tarte bat izan baitzen, dokumentala ikusi ostean, eta galdera dezente egin zituzten. Batzuk harrituta zeuden Donostian dagoen aniztasunarekin: ezezaguna zitzaien erabat. Zoriondu egin gintuzten eta proiektuarekin jarraitzera animatu. 

Hizkuntzak jasotzen jarraitzeko asmoa daukagu. Jaso gabe dugun hizkuntzaren bat hitz egiten duen norbait ezagutzen baduzu, esaiguzu, eta gustura elkarrizketatuko dugu! Hortaz gainera, jasotako testigantzak lantzen jarraituko dugu: minutuz minutu entzun, pasarte onak identifikatu, gaika sailkatu, laburpenak egin eta bideo pasarteak sarera igotzen. Ea pixkanaka-pixkanaka testigantza guztiak guztion eskura jartzen ditugun. 

Eskerrak eman nahi dizkiegu proiektuan parte hartu duten eta lagundu duten guztiei!

Albistea Berrian: Mapa ezezagun eta koloretsua.  

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia