Agur Joxe Urteagari, "Zumarragako trikitixa"ko arimari

2017ko api. 18a, 09:39

Joan zen astean Joxe Urteaga Oria soinujolea hil zen, 90 urte zituela. Familiatik zetorkion trikitixarako grina. Osabaren bideari segika, "Zumarragako trikitixa" izena Euskal Herri osoan zabaltzen jarraitu zuen. Ahotsak.eus-erako egin genion elkarrizketan, trikitixarekin bizitako hainbat pasadizo kontatu zizkigun.

1926an jaio zen Joxe Urteaga Zumarragako Elizkalean. 14 urterekin hasi omen zen soinua jotzen. Osabak, Joxe Oria panderojoleak, sartu omen zuen soinuaren munduan, afizioa zuela ikusita. "Zumarragako trikitixa" izenarekin plazarik plaza aritzen zen ordurako Joxe Oria, Joxe Migel Ormazabal soinujolea lagun zuela. Azken honek irakatsi zion soinua jotzen Joxe Urteagari eta hirurak elkarrekin ibili izan ziren ordutik. Azkoitiko Kandido Beristain musikariarekin ere ibili omen zen ikasten denbora batez.

Osabak utzi zuenean Joxe Urteagak eta anaia Migelek hartu zuten "Zumarragako Trikitixa"ren erreleboa eta urte askoan ibili izan ziren plazarik plaza, bazterrak girotuz.

Joan zen astean utzi gintuen Joxe Urteagak, 90 urte zituela. Baina soinua jotzeko zuen era berezi hori gure artean geratuko da, arrastoa hor utzia baitu ondorengoengan, eta baita grabatutako diskoetan ere.

Ahotsak.eus-erako egin genion elkarrizketan trikitiarekin bizi izandako hainbat pasadizo kontatu zizkigun. Pasaia Antxoko plazan egin zuela bere lehenbiziko emanaldia kontatu zigun, besteak beste:

Hainbat pasadizo bizi izan zituzten trikitiari esker eta baita hainbat pertsonaia ezagun ezagutu ere:

Astelehenean agurtu zuten Joxe lagun eta senideek, soinu-hots artean. Goian bego.

Iruzkindu

Erantzuna emateko, sartu ahotsak.eus-eko komunitatera.

Gipuzkoako aldundia Kutxa Eusko Jaularitza Bizkaiko aldundia